Iparraldeko Orkestrak Xalbador omenduko du haren heriotzaren 50. urteurrenean

Bertsoa, kantua eta poesia uztartuko dituen bi kontzertu eskainiko dituzte azaroaren 27an Baionan eta 28an Urepelen, Philippe de Ezcurraren zuzendaritza artistikoarekin.

Iparraldeko Orkestrak bi kontzertu berezi antolatu ditu Xalbador bertsolariaren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko. Azaroaren 27an Baionako Moderne trinketean eta 28an Urepeleko elizan eskainiko dituzte emanaldiak, biak 20:00etan. Philippe de Ezcurra musikariak hartu du ikusgarriaren zuzendaritza artistikoa.

Fernando Aire Etxart Xalbador bertsolaria 1976ko azaroaren 7an hil zen, bihotzekoak jota, Urepele jaioterrian eskaini zioten omenaldiaren egunean. Egun hartan Odolaren mintzoa liburua aurkeztu zuen. Hil eta urtebetera, 1977an, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

Heriotzatik mende erdia igaro den honetan, Iparraldeko Orkestrak haren oroimena ekarriko du oholtzara, bertsoa, kantua eta poesia uztartuz.

Ikusgarrian Aire Ahizpak, Mixel Etxekopar, Ekhi Lambert, Maialen Errotabehere eta Pier-Paul Berzaitz kantariek parte hartuko dute. Antolatzaileek bertsolari gonbidatuen presentzia ere iragarri dute.

Baionako emanaldia soinu murgiltzaileko esperientzia gisa aurkeztu dute. Urepelekoa, berriz, bertsolariaren sorterriko elizan egingo dute.

Sarrerak Iparraldeko Orkestraren webgunean daude salgai. Baionako emanaldirako ohiko prezioa 28 eurokoa da, eta Urepelekoarentzat 18 eurokoa. Aurrez erosteko eta tarifa murriztuko aukerak ere badaude, eta 22 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna