(argazkia: Galdaoko Udala)

Kultur Plaza bihurtuko da Galdakao hil honetan

Mota guztietako 61 ekitaldi izango dira irailaren 8tik 26ra bitartean, doan.

Zirkoa, antzerkia, kabareta, jazza, mariatxiak, pilota partidak, klown, rocka, jotak, bertsoak, punka, dantza, zinema, memoria historikoaren inguruko bisita gidatuak, mendi irteerak, txistu eta dultzaina kalejirak. Mota guztietako 61 ekitaldi izango dira Galdakaon datozen egunetan. Jarduera gehienak kalean izango dira eta denak doan.

Galdakaoko Udalak kulturaren alde egina duen apustua berretsi du Iñigo Hernando alkateak Kultur Plazaren egitaraua aurkezteko agerraldian. Herrian egiten den kultur eskaintza zabalaren jarraipen gisara aurkeztu du egitasmoa, eta iazko arrakasta ikusita, Udalak esperientzia errepikatzea erabaki duela azaldu du. Adin eta gustu guztietarako programa prestatu dute irailerako, “diziplina asko biltzen dituen ekitaldi sorta”. Gainera, kultur hartzaile gisa ez ezik, herritarrak kultur sortzaile gisa aritzea sustatu nahian, bertoko musikari zein bestelako sortzaileek ere leku izango dutela azaldu du.

Kultura segurua dela ere nabarmendu nahi izan du, eta ekitaldietan gozatzeko deia egin du, edozein ekitaldi zein jardueretan erantzukizunez aritzeko eskatuz.

Galdakaoko Jai Batzordea

Jai Batzordea Udalarekin elkarlanean aritu da aurten ere Kultur Plazari jarraipena emateko asmoz. Programa osatzeko ekarpenak egiteaz gain, ekitaldiak gauzatu ahal izateko laguntzaile gisa arituko dira bertako kideak, eta elkarlan horren parte izateko deia egin die batzordea osatzen duten elkarteei zein kuadrillei. Baita publiko gisa parte hartu eta garaiotan arduraz jokatzekoa ere, “jai maiteak” ahal bezain laster itzul daitezen.

Amets Iturbe Jaiak, Gazteria eta Kiroletarako zinegotziak eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari, ekarpenengatik eta egingo duten boluntario lanagatik. Herriko elkarteen proposamenak programazioan txertatu direla azaldu du, eta herriarentzako landutako egitaraua herritarrekin ondu dela. Bertoko musika taldeen emankizunak jarri ditu adibide. Izena eman duten guztiei egin zaie lekua eta herriko hamar musika talderen kontzertuak entzun ahalko dira.

Formato txikiaren xarma eta ikuskizunak leku gehiagotara zabaltzearen aberastasuna ere aipatu ditu Iturbek, Urretan eta Aperribain ere emankizunak izango direla gogoratuta.

Ikuskizunak Ardanza parkean, Iturrondo plazan eta Aperribaiko frontoian izango dira, film eta dokumental proiekzioak Urreta H.I ikastetxean, eta pilota partidak Kurtzea frontoian. Euria egiten badu, Torrezabal kultur etxera edo Urreta H.I ikastetxera eramango dira kalean aurreikusitako emanaldiak.

Sarrera guztiak doakoak izango dira, edukiera bete arte. Ateak funtzioa hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko dira. Segurtasun neurriak zorrotz jarraitu eta distantziak mantentzen direla ziurtatzeko, eserita ikusiko dira emankizun guztiak eta musukoa nahitaezkoa izango da.

Egitarau osoa ikusteko: https://www.galdakao.eus/Documentos/AreaDescargas/kultur_plaza_2021.pdf

Zabaldu: