(argazkia: Bideolan) 'Album' antzezlanak irekiko du jaialdia

Irailaren 23tik 25era egingo da euskarazko arte eszenikoen Zurrunbilo jaialdia, Gasteizen

Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea du helburu jaialdiak. Antzezlanen artean Formol Laborategiaren Album eta Atx Teatroaren Balbea taularatuko dira.

Gasteizko Zurrunbilo Arte Eszeniko Garaikideen Jaialdia zazpigarren ediziora iritsiko da irailaren 23tik 25era hasierako helburuari eutsita: “Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea”. Horretarako, publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde historikoetako beste programa eszeniko batzuekin loturak sortzen saiatu dira Parasite Kolektiboa eta Baratza aretoa. Hori guztia diziplinarteko ikuspegi batetik: hitza dantzarekin, performancearekin eta beste lengoaia batzuekin nahastuz.

Egitarauari dagokionez, Formol Laborategiak irekiko du jaialdia irailaren 23an, ostirala, Album antzezlanarekin. Azaldu dutenez, “asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzanaren diagnosia jaso dugu. Ondorengo hitzekin definituak izan gara: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Baina zer daukagu guk esateko? Zer espero da gutaz? Nor gara gu?”, horixe da antzerki konpainiaren gogoeta.

Irailaren 24an, larunbata, Kamikaze proposamenen txanda izango da. “Kamikaze Gaua ekimen esperimental gisa sortu zen, non diziplina guztietako artistei proposamen bat egitea proposatzen zitzaien: Oier Guillanen testu batetik abiatuta eta bete beharreko dekalogo batekin jarraituz. Hautatutako lau proposamenek laguntza ekonomikoa jaso zuten, baita egoitza Baratza aretoan egiteko aukera ere. Artista gazteek egindako pieza horien emaitza esklusiban ikusi ahal izango dugu gau horretan”.

Zurrunbilok irailaren 25ean, igandea, bere programazioa itxiko du, Atx Teatro konpainiaren azken lanaren estreinaldiarekin: Balbea. Iñaki Ziarrustaren laugarren bakarrizketak heriotzari buruz hitz egiten du.  “Egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina prest al gaude hiltzeko? Ez edozein modutan, ez”.

Ikusle kluba

Proposamen eszeniko horiez gain, eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan, Ikusle kluba egingo da larunbatean, 18:00etan. Publikoarekiko harreman-bide berriak aztertzeko gune bat izango da, hausnarketa eragin eta arte eszeniko garaikideetara hurbiltzeko bide berriak ireki nahi dituena. Sarrera doakoa izango da, baina erreserbatu egin beharko da reservas@salabaratza.com helbide elektronikora idatzita.

Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak eskuragarri daude jada www.salabaratza.com webgunean.

Zabaldu: