(argazkia: Donostia Kultura)

Irailaren 24tik urriaren 10era egingo da 30. Poltsiko Antzerkia Jaialdia, Donostian

Berrikuntza nagusi gisa jaialdia aire zabalean kokatutako karpetan egingo da ia osorik, indarrean dauden segurtasun eta osasun arauak bermatzeko. Denetara 32 emanaldi eskainiko dira.

Poltsiko Antzerkia Jaialdia irailean itzuliko da Donostiako kaleetara, azken urteetako otsaileko hitzordua atzeratu ostean. “29 edizioren ondoren ikuslego finkoa duen ekimena da eta urtero jarraitzaile gehiago ditu”, adierazi du antolakuntzak.

Ohiko jarraitzaileei eta baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari askotariko antzerkia zabaltzea da Poltsiko Antzerkiaren helburu nagusia. Horretaz gain, antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea da jaialdiaren bereizgarria. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira, tabernak esaterako, eta, gainera, ideia berriekin esperimentatzeko bidea ematen dute. Horregatik, urte hasierako Covid-19aren hirugarren olatuaren eraginak bereziki kaltetu zuen jaialdia eta “ostalaritza-jardueran indarrean zeuden osasun-mugek jaialdi berezi bezain erakargarri hau neguan antolatzea eragotzi zuten”. Hala eta guztiz ere, antolakuntzak aurtengo edizioa ez zuen bertan behera utzi nahi izan eta udazkenera atzeratzea erabaki zuen, egoera hobea izango zelakoan.

Aire zabalean kokatutako hiru karpa

Osasun baldintzak oraindik egokienak ez badira ere, jaialdiak berezkoa duen izaera informalari eutsi ahal izateko, antolakuntzak egungo egoerara egokitzeko neurriak hartzea erabaki du. “Indarrean dauden arauek oraindik muga zorrotzak jartzen dizkiete leku itxi eta txikietan bil daitezkeen pertsona kopuruei eta horregatik, programazioaren zatirik handiena karpa batean eskaintzea erabaki da”. Karpa jaialdiko asteburu bakoitzean auzo desberdin batean kokatuko da.

Hala, jaialdia hiru asteburutan zehar egingo da ostiraletik igandera, irailaren 24tik urriaren 10era. Lehen asteburuan, karpa Intxaurrondoko Sagastieder plazan izango da, hurrengo astean Groseko Katalunia plazan eta Amarako Easo plazako emanaldiekin amaituko da jaialdia.

Ostiral arratsaldeetan bi emanaldi izango dira eta hiru larunbat eta igandeetan: bata eguerdian familientzat eta arratsaldean beste biak. Salbuespena urriaren 9an izango da, Easo plazan, aurreikusitako lehen bi emanaldien ostean, hiru ikuskizunez osatutako amaiera ekitaldia izango baita.

Karpan eskainitakoaz gain, jaialdiak ohiko programazioari eutsiko dio auzo hauetan: Martutene (Etxarriene Zentroa), Igeldo (Igeldoko Ikastetxea), Antigua (Doka), Añorga (Antxon Ayestaran Gunea) eta Bidebieta (Kontadores).

Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta unean-uneko indarrean dauden osasun-neurriak beteko dira.

Edizio honetan ere, Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XI. deialdian irabazle eta finalista izan diren taldeek parte hartuko dute. “Aurkeztutako proiektuek maila altua erakutsi dute eta aukeraketa ez da erraza izan. Parte-hartzaileen batez besteko adina gaztea izan da”. Guztira, hamaika proposamen jaso dituzte Poltsiko Sorkuntzako deialdian. Dxusturi Teatroaren Lakoste  izan da lan irabazlea eta Zutani Teatroaren Bete ingoiau, berriz, finalista.

Egitarauari dagokionez, bi estreinaldi izango dira: Lakoste eta Bete ingoiau. Era berean, Gorka Aginagalde e Iñigo Salineroren Culturas milenarias, Virginia Imazen Pronoia etaLas Felliniren Show de transtornismo ikuskizunak nabarmendu dituzte.

“Antzerkia, umorea, bakarrizketak, musika… Horiek izango dira, hain zuzen, jaialdi honen osagai nagusiak, eta gaurkotasuneko gaiak jarriko dira oholtza gainean, kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko. Orain arte egin den bezala, “bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakumeen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu da”.

Guztira 17 konpainiek 32 emanaldi eskainiko dituzte eta horietatik 16 euskaraz izango dira.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: