Irati Goikoetxea da aurtengo Igartza sariaren irabazlea

Herriak ez du barkatuko eleberri proiektuarekin jaso du Goikoetxeak 22. edizioko Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute.

Aurkeztutako hamasei proiektuen artean, aukeratu du Ana Jakak, Igor Estankonak eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak Beasaindarraren Herriak ez du barkatuko proiektua. Antolatzaileek adierazi dutenez, sariketa honen ibilbidean lehenengo aldia da herritar batek saria jasotzen duena.

Irabazleak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu aurkezpen ekitaldian eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko. Goikoetxea matematikako irakaslea da eta betidanik lotura izan du bertsolaritza eta euskal literaturarekin. Beasaingo irakurle taldeko kidea eta hainbat kultur ekitaldietako partaidea da. Egun, Nafarroako gobernuan lanean dihardu bizikidetza arloan. Hain zuzen ere, gai horren inguruan idatzi du proiektua.

Erika Elizariren Zendabalitz liburua otsailean

Ekitaldi berean, iazko irabazleak, Erika Elizari Salvadorrek, Zendabalitz lana entregatu ostean diru sariaren bigarren zatia jaso du eta datorren urteko otsailean aurkeztuko da liburua.

Igartza Literatura beka sariak XXII. edizioa du aurten eta denetara hamasei lan aurkeztu dituzte. Horietatik bederatzi emakumeenak eta zazpi gizonezkoenak. Aurkeztu diren lanen jatorriari dagokionez hamahiru gipuzkoarrak, bat nafarra, bat bizkaitarra eta bat arabarra. Ez da iparraldekorik egon.

Zabaldu: