‘Irati’, Paul Urkijoren azken lana Canneseko Jaialdian izango da

Urkijoren azken proiektuak Fantastic 7 foroan parte hartuko du. Plataforma horren helburua unibertso fantastikoa lantzen duten zinegileen talentua sustatzea da eta, horretarako, laguntzak eta finantzazioa bilatuko dituzte.

Sitgeseko Jaialdiak Irati, Paul Urkijoren film proiektu berria, aukeratu du Canneseko Marché du Film merkatuko Fantastic 7 foroan parte hartzeko. Gasteiztarrak zuzendutako euskarazko bigarren film luzea izango da Irati eta estatu-mailako genero fantastikoaren ordezkaria izango da ekainaren 24an eta 26an egingo diren saioetan. Plataforma horren helburua unibertso fantastikoa lantzen duten zinegileen talentua sustatu eta aurkeztutako proiektuak ekoiztu ahal izateko laguntza eta finantzazioa lortzea da.

Iaz, Juanma Bajo Ulloaren Baby lanak hartu zuen parte plataforma horretan, eta bigarren edizio honetan, munduko zazpi jaialdik aukeratutako genero fantastikoko zazpi proiektu aurkeztuko dira. Hala, Sitgeseko jaialdiak hautatu du Gasteizko zuzendariaren lana, Canneseko Marché du Film-ekin eta Blood Window plataformaren sustatzaile Bernardo Bergeretekin batera.

Irati filmarekin Urkijok Erdi Aroan girotutako istorioa aurkeztuko du. VIII. mendean, kristau eta musulman gerlari talde bat Pirinio paganoko baso sakonetan barneratuko da, Carlomagnok Orreagako batailan galdutako altxorra berreskuratzeko asmoz. Irati izeneko emakume gazte misteriotsu bat gidari dutela, izaki mitologikoz beteriko mundu batean murgilduko dira gudariak. Bertan, “izena duen guztia, bada”.

Fantastic 7 ekimena iaz aurkeztu zuten Canneseko Jaialdian, proiekzioa duten egileen lanak merkaturatzeko aukerak bilatzeko asmoz. Aurten, pandemiak sortutako egoera konplexua izan arren, berriro gauzatuko da foroa Marché du Film online topaketaren baitan. Ekainaren 24an, asteazkena, goizez, proposamenak aurkeztuko dira, eta hilaren 26an, ostirala, egun osoan zehar, Speed Meetings-ak egingo dira, proiektuen egileen eta produktore interesatuen arteko pitch box batean.

Fantastic 7 egitasmoaren bi jardunaldiak Marché du Film merkatuaren web orriaren bidez jarraitu ahal izango dira.

Zabaldu: