(argazkia: Donostia Kultura)

Irrimarra bikote sortzailearen erakusketa Donostiako Ilustratzailearen txokoan ikusgai

Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok sortutako ilustrazio koloretsuak datorren irailaren 19ra arte egongo dira ikusgai  Aiete Kultur Etxean.

Irrimarra bikote sortzailearen erakusketa paratu dute Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Irrimarra Irene Iruretak (Zumaia) eta Karmele Gorroñok (Galdakao) osatzen dute. Biak Arte Ederretan lizentziatua daude Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan hasi ziren elkarlanean. 2016an lan kolektiboaren aldeko apustua egin eta Irrimarra sortu zuten.

Bikoak azaldu duenez, sortzen dituzten obren prozesu osoan zehar elkarlanean aritzen dira. Irrimarraren iruditerian ilustrazio koloretsu eta organikoak aurki daitezke, bolumen nabarmenduekin eta estanpatuekin. Horretaz gain, proportzio eta formekin jokatzen dute estereotipoak apurtzen dituzten pertsonaiak sortuz.

Diziplina anitzeko irudigileak direla esan daiteke. Izan ere, hasierako urte hauetan, askotariko lanak egin izan dituzte euskarri zein esparru ezberdinak uztartuz, baina, betiere, ilustraziotik abiatuz.

Irrimarrarenak dira Bilbo, Donostia edota Urnietako kaleetan dauden hainbat horma-irudi, eta baita eskoletan banatzen diren hainbat agenda ere (Emakunde, Debegesa…). Sarritan egin dituzte prentsa kolaborazioak (denbora-pasak, irrimarrak…), kartelak eta esku orrietarako ilustrazioak. Aipatzekoa da ere eskaintzen dituzten haurrentzako tailerrak eta gazteekin elkarlanean sortutako horma-irudi kolektiboak.

Argitaratutako lanei dagokienez, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean sortutako Altzoko Handia-ren album ilustratuen bilduma eta Pello Añorgaren testuekin sortutako Ametsen basoa nabarmendu daitezke. Gainera, 2019an Peru Abarka lehiaketa irabazi zuten Karmele Mitxelena idazlearekin batera plazaratutako Erakusleihoan lanarekin. Iaz Alaine Agirre idazlearekin Badauzkat nire zulotxoan liburua kaleratu zuten, eta aurten Fito Rodriguezekin Kuoi.

Zabaldu: