Irubideko hobi komuna memoria-gune bilakatu dute

Jose Heredero eta Juan Antonio Irulegi 1936. urtean bertan fusilatu zituztela zantzu handiak ditu elkarteak. Horiez gain, gaur-gaurkoz ezezagun diren gainerako hildakoak ere omendu dira ekitaldian, tropa faxistak Usurbilen sartu ziren 86. urteurrenean, hain justu.

Irubide inguruko hobi komuna memoria-gune bilakatu dute, tropa kolpistak Usurbilen sartu ziren 86. urteurrenarekin bat eginez, hain justu. Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren Aldeko Elkarteak antolatu du ekimena, herriko memoria-guneak sortzeko egitasmoarekin jarraiki.

Xuban Zubiria elkarteko kidearen hitzetan, “elkartean zereginak zehazten hasi ginenean, argi genuen besteren artean memoria-guneak berreskuratzea izan behar zuela horietako bat. Hala, hiru gune finkatuko ditugu aurten, oroitzeko gure hainbat herrikide, Errepublikaren aurka armen bidez matxinatutakoek hil zituztelako. Bata, Aginagako hilerrian; bestea, Meaga-Oikia errepideko bihurgune batean; eta hirugarrena, Udarregiko ikastolan, fusilatutako maisu baten oroimenez. Gaurkoa dugu laugarrena, justu kolpistak Usurbilera sartu zirenetik 86 urte betetzen diren egunean”.

Hori dela kausa, Irubideko ingurune horretan oroigarria jarri du Usurbil 1936 elkarteak, aitortza egiteko biktimei. “Bertan jazoera latzak, izugarrikeriak gertatu ziren. Betidanik entzun izan diegu gure aurrekoei hau fusilatze-gune bat zela. Hemen jende asko hil zutela, batez ere Donostia eta inguruak hartu eta ondorengo asteetan. Testigantza ugari bildu ditugu, batzuk garai haiek bizi izan zituztenak utzitakoak, eta beste batzuk, aldiz, haien ondorengoen bitartez jasotakoak”, azaldu du Zubiriak.

“Normalean ni joaten nintzen bizikletan feriara. Hala, Hernanitik etxera nentorren batean soldaduk alto eman eta buelta emateko agindu  zidaten.  Kortaren  etxe  parean  pasatzerakoan,  ‘tarrarara metrailetarekin. Azerosko [Luzuriaga] pare horretan (…) piloa hil zituzten han”, kontatzen du orduan 14 urteko Txarako Felix Olasagastik grabatutako lekukotasunak.

“Goiz hartan, amak Donostiara joan beharra zeukan; Errekaldetik barrena, Irubiden autobusa hartzeko asmotan zen. Gero itzuli zenean, kontatu zigun beldurgarria izan zela ikusi zuena; horma baten antzekoa zegoela, eta han tiroz hil eta gero malkar batean behera botata utzi omen zuten gizon pila”, dio Josefa Sarriegiri jasotako testigantzak. Eta horrela, inoiz edo inoiz,  maiz urte asko igaro ostean, hitz egitera ausartu ziren beste askoren adierazpenak bildu ditu elkarteak.

Dokumentuen bilaketa antzua izan da oraingoz. Izan ere, gehienak, preso hartu eta inolako epaiketarik gabe eraman zituzten Irubidera hiltzera. Beraz, elkarteak ezin izan ditu haien izenak eskuratu. Hala ere, lekukotasun batzuetan oinarrituz, Usurbil 1936 Elkarteak uste du bi identifikatu dituela, erabateko segurtasunik ez duen arren.

Fusilatuen izena eta izana

Jose Heredero Pinela. Usurbilen jaioa. Bere gurasoak herriko maisu-maistra ziren. Ezkondu ostean Donostiara joan zen bizitzera. Txofer lanetan ibiltzen zen. Igeldoko eta gerora Igarako autobus linea sortu zuen, inguruetako baserritarrek Donostiara saltzera eraman zitzaten beren ekoizpenak. 1936ko urriaren 3an, 33 urterekin fusilatu zuten.

 

Zabaldu: