Zabalik da 18. Kameratoian izena emateko epea

 Urriaren 16ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Euskal Zine Bilera jaialdiarekin batera antolatzen den Kameratoia, euskarazko ikus-entzunezko rally-a, urriaren 21 eta 23a bitartean egingo da aurten Lekeition. Antolatzaileek iragarri dutenez, “edizio hau berezia izango da ez bakarrik aurreko urteetako ezaugarri onenak batzen dituelako: batetik, gidoilaritzari buruzkoa doako formakuntza saioa egongo delako eta bestetik, Lekeition gau bateko egonaldia doan izateko aukera egongo delako.

18. edizioak Paul Urkijo (Errementari, Irati) zinemagilea izango du gidari. Aurreko edizioetako Aitor Arregi eta Aitziber Garmendia izan ziren moduan, Urkijo lehiaketako gidaria izateaz gain, parte hartzaileei doako gidoilaritza ikastaro labur bat emango die. Horretaz gain, Iban del Campo (Serendipia), iazko Euskal Zine Bilerako film onenaren saria irabazi zuen zuzendariarekin batera lehiaketaren epaimahaikidetako bat izango da.

Oinarriak

Edizio guztietan bezala, partaideek 36 orduko tartea izango dute antolakuntzak emandako gai baten inguruan film labur bat sortzeko. Hala, urriaren 21ean arratsaldean Urkijoren ikastaroa eta gero ezagutaraziko da gaia, lehendabizi Lekeition eta minutu batzuk geroago webgunean. Behin gaia kaleratuta 36 ordu izango dute filma ontzeko. Honela, igandean, urriaren 23an, eguerdia baino lehen aurkeztu beharko dituzte ikus-entzunezkoak.

Aurtengo edizioak pandemia aurreko dinamika berreskuratuko du eta parte hartzaileak Lekeitiora etortzea gonbidatzen ditu asteburu pasa. Horretarako izena ematen duten lehen 20 partaidek gau bateko egonaldia doan izateko aukera izango dute. Lehentasuna bi gauko egonaldia egiten dutenak izango dute izen-emate ordenean.

Film labur onenak 800 euroko saria irabaziko du eta Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketan eta Laburbira zirkuituan sailkatuko da. Bigarren hoberenak 350 euro jasoko ditu eta bozketa gehien jasotzen duenak Publikoaren Saria irabaziko du.

Zabaldu: