(argazkia: Artium Museoa)

‘Irudiak mintzo, arte garaikidearen hastapenak’ ikastaroa eskainiko dute Gasteizko Artium Museoan

Ane Lekuona artearen historialariak koordinatuta, Irudiak mintzo ikastaroak egungo sorkuntzaren historia, hizkuntza eta inguruko eztabaidak ezagutzeko aukera eskainiko du.

Gasteizko Artium Museoak arte garaikidearen hastapenak ezagutzeko ikastaro bat antolatu du, irakasle espezializatuek emango dituzten bi orduko hamar saioen bidez, bere historiara, hizkuntzara eta horren inguruan sortzen diren eztabaidetara hurbiltzeko. Irudiak mintzo Ane Lekuona EHUko irakasle eta ikertzaileak koordinatuko du. Urtarrilaren 26an abiatuko da, eta museoko bilduma eta aldi baterako erakusketak izango ditu topagune. Besteak beste, Ismael Manterola, Garazi Ansa, Idoia Zabaleta, Xabier Gantzarain eta Haizea Barcenilla dira hizlariak. Izen-ematea zabalik dago jada 945 20 90 20 telefonora deituta.

Irudiak mintzo erakusketak ibilbide historiko bat marraztea proposatzen du, 70eko hamarkadatik gaur egunera arte artearen eta irudien inguruan sortu diren proposamen eta begirada batzuk ezagutzeko. Lekuonak adierai duen bezala, “ikastaroa topalekua izango zaigu begirada eta galdera berriekin arteaz eta irudien berrirakurketaz aritzeko. Gure oroimena berrikusteko, eta bestelako ahots batzuk entzun eta geure buruak haietan ezagutarazteko”.

Urtarrilaren 26an hasiko da, Beatriz Herraez Museoko zuzendariak aurkeztu eta Lekuonak emango duen hasiera ekitaldiarekin. Ikastaroaren helburuak aurkeztearekin batera, arte garaikideak naturalizatutako historiak zalantzan jartzeko eta ikusezin bihurtutako errealitate batzuk agerian uzteko eskaintzen dituen aukerak azalduko dira. Bigarren jardunaldia otsailaren 9an izango da eta Ismael Manterola EHUko irakasle eta ikertzaileak eskainiko du, 70eko hamarkadako arteari eta artistei, frankismo berantiarrari eta demokraziaren sarrerari buruz.

Otsailaren 16an, Garazi Ansa EHUko irakasle eta ikerlariak artearen historiaren barruan kritika feministak ezarritako helburuetako batean sakonduko du: artearen beste historia batzuk irudikatzen lagunduko duten genealogia ahaztuak berreraikitzea. Astebete geroago, otsailaren 23an, Xabier Gantzarain Dinamoa sorkuntza guneko koordinatzailearen txanda izango da. Gantzarainek arte kontzeptualaren korronteari buruzko planteamendu teorikoak berrikusiko ditu, artea formatik, esperientzia estetiko batean espero denetik askatzen denean zer gertatzen den galderari erantzuten saiatzeko.

Idoia Zabaleta koreografoa, biologoa eta Azala sorkuntza-guneko koordinatzailea performanceari buruz arituko da martxoaren 2an egingo den saioan. Elena Roseras Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Liburutegi eta Dokumentazio Zentroaren arduradunak, bere aldetik, dokumentazio-prozesuek lan kuratorialean eta artelanen eta praktika artistikoen testuinguruan jartzean duten zeregina aztertuko du, martxoaren 9an.

Martxoaren 16an, Artium Bildumaren kontserbatzaile Enrique Martinezek euskal arte garaikidearen barruan garrantzitsuena den ondare-funts horren gakoak aztertuko ditu. Bestalde, Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta ikertzaileak erakusketek eta museoek artearekin duten harreman-motan duten eragina aztertuko du martxoaren 23an.

Katalina Lozano komisario eta ikertzaile independentea Latinoamerikan hainbat artista belaunaldik herentzia kolonialari nola heldu dioten azalduko du apirilaren 6ko hitzorduan. Azkenik, apirilaren 13an, museoko bilduma bisitatu ahal izango da, arte garaikideko museo batek gaur egungo gizartean duen lekua birpentsatzeko, bisitariarentzat oro har ikusezina den espazio batetik.

Irudiak mintzo ikastaroan izena ematea doakoa izango da Artium Museoaren lagunentzat eta Arte Ederretako eta Artearen Hstoriako Fakultateetako irakasleentzat. Beste ikasketa homologatu batzuetako ikasleentzako prezioa 25 eurokoa izango da eta tarifa orokorra 60 eurokoa.

Zabaldu: