(argazkia: Raul Bogajo)

Mamiak kolektiboak ‘Ogiak hizketan baleki’ antzezlana taularatuko du Gasteizen

Bihar, abenduak 15,  arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua Gasteizko Unibertsitate Pabilioian.

1836ko Gastezeira garamatza Mamiak kolektiboak bihar oholtzaratuko duen Ogiak hizketan baleki antzezlanak. Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi, ogibidez okina, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritarren aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina zerbait gehiago leporatzen diote Joseri, azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.500 soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek.

Egitasmo honek kazetaritza, antzerkia, performancea eta teknologia berriak uztartzen ditu. Horretarako kazetaritza performatikoa erabili du lantaldeak, hau da, ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala. Orain arte, erreminta eszeniko hau Euskal Herrian erabili den lehen aldia da, baita Europan ere. Kazetaritza performatikoa 2018an sortu zen Argentinan, Anfibia agerkari digital feministaren eskutik. Ordutik aurrera ibilbide oparoa izan du, bai Argentinan, eta baita Kolonbian ere.

Antzezlana taularatu ondoren, Mamiak kolektiboko taldekideek solasaldi batean parte hartuko dute. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Horretarako, aurretik izena eman beharko da https://www.ehu.eus/eu/web/araba/antzerkia wengunearen bidez.

Zabaldu: