Laugarren edizio honetan hiru herrialde gonbidatu dituzte: Quebec, Uruguai eta Estatu frantsesa.
Euskal Irudigileak elkarteak ilustrazioaren nazioarteko Irudika topaketen laugarren edizioa egingo duela iragarri du. Urriaren 29, 30 eta 31n izango da hitzordua Gasteizen eta bertan, ilustratzaile profesionalak, argitaletxe eta agente literarioak izango dira. Euskal Herriko ilustrazioaren sektorea ere bertan egongo da. Laugarren edizio honetarako hiru herrialde gonbidatu dituzte: Quebec, Uruguai eta Estatu frantsesa.
Hala, elkartea lanean ari da formatu egoki bat aurkitzeko asmoz, “osasun baldintzak eta topaketaren martxa ona segurtatzeko”, adierazi dute. Lantaldea hainbat proposamen ari da lantzen, presentzia fisikoa eta birtuala uztartzen dituztenak eta beti ere “profesional parte-hartzaileentzat, publikoarentzat eta Irudika posible egiten duten langileentzat edizio hau ongi atera dadila” helburutzat dutenak.
Bestalde, aurtengo kartela egiteko, Irudika topaketa profesionaletan artistei laguntzeko egiten diren egonaldietan sortutako irudia eta animazioa ezagutzera eman dituzte. Araiz Mesanza (Gasteiz, 1983) ilustratzaileak sortu du irudia eta Raquel Meyersek (Cartagena, 1977) animazioa. Mesanzak azaldu duenez, “natura pertsonifikatu nahi izan dut nolabait, eta kulunka bat sortu errealitatearen eta magiaren artean. Eta keinu bat egin oso trinkoa eta denbora berean oso arina den grabitate indar moduko bati, etengabe aldatzen eta mugitzen ari dena”. Meyersek, bere aldetik, teletestu bidezko animazio bat sortu du, “pertsonen beharrik izango ez duen etorkizun bati buruz gogoeta egiteko”.
Koronabirusaren osasun krisiak eragindako alarma egoerak zapuztu egin zuen ilustrazio eta animazio arloak sustatzeko Irudika topaketaren laguntza-programaren azken fasea. Irudika egonaldiak martxoaren 15ean bukatzea zen asmoa, Angoulême-ko Maison des Auteurs zentroko egonaldian zehar.
Mesanzak eta Meyersek egina zuten jada beren egonaldia BilboArte baliabide zentroan, eta egonaldien amaierako prozesuko erakusketa inauguratzeko prest zeuden Angoulêmen. Apirilaren 6an egitekoa zen ekitaldia, baina 2021era atzeratzea erabaki dute.