(argazkia: AFA)

Irudikak 2025eko Egonaldien programaren erakusketa inauguratu du Gasteizen

Erakusketa Kordoi Etxean egongo da ekainaren 27ra arte. Bertan, Harriet Lenneman eta Tania Manzanal artisten lanak ikusteko aukera egongo da.

Irudika nazioarteko ilustrazio topaketa profesionalak Harriet Lennemanek eta Tania Manzanalek Angoulemeko Citè Internationale de la Bande Dessinée, Casa del Autor de Zapopan eta Bilbaoarte Fundazioaren artean antolatutako egonaldi artistikoan egindako lana aurkeztu du. Egonaldia martxoaren 3tik maiatzaren 23ra bitartean egin da, eta erakusketa honen inaugurazioak eman dio amaiera.

Harriet Lenneman Washington DCko ilustratzaile eta animatzailea da, eta Berlinen bizi da gaur egun. The Raisin at the End of the Hotdog lana aurkeztu du: hizkuntzak ikasteko esperientzia ardatz duen lana da, eta akatsak, gaizki ulertuak eta umorea barnean dituena. Irudikan egindako egonaldian, masterreko tesi proiektua garatu zuen: mundu osoko hizkuntzen adierazmoldeak alderatzen dituen liburu ilustratu bat. Erakusketan, bere hurrengo lanaren lau serigrafia erakutsiko dira, zeinek erakusten baitute adierazmolde bat zentzugabea izan daitekeela hitzez hitz interpretatuz gero.

Tania Manzanalek, bere aldetik, prentsa ilustratzaile gisa eta hainbat animazio proiektutan lan egin du. Liquidación Total, oraindik egiten ari diren animazioko film laburra, ikusteko moduan egongo da Irudikaren erakusketan. “Amets moduko bat” dela adierazi du, eta “hainbat gairi buruz gogoeta” egiten duela, hala nola zoriari, jokoari, errealitateari, pentsamenduaren egiturari eta esperientziari buruz. Sormen prozesuak berak, marraztearen plazerak eta narratiba konbinatorio eta inprobisatuek ere ezinbesteko zeregina dute haren lanean.

Erakusketan ikusgai egongo dira nazioarteko topaketaren bederatzigarren edizioa sustatzeko balioko duten kartel ofiziala eta animazioa ere. Bi lanak egonaldi horretatik sortu ziren, Lennemanek egin zuen kartela, eta Manzanalek animazioa. Lan horiek Irudikaren irudi izateko baliatu dituzte, eta ibilbide luzea izango dute oso formatu desberdinetan: komunikabideak, publizitate euskarriak, sare sozialak eta abar.

Horrez gain, Irudikak 2026ko Egonaldietarako proiektuak aurkezteko epea ireki du urriaren 1era arte. Egonaldiak 2026ko martxoaren 2tik maiatzaren 22ra bitartean egingo dira. Oinarriak irudika.eus webgunean kontsulta daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna