Eskua eta ‘Loizuko gizona’ piezak 2021ean aurkitu zituen 60 ikertzailez osatutako talde batek.
Nafarroako Museoaren Historiaurreko aretoaren birmoldaketarekin batera, bi pieza berri aurkeztu dituzte gaur: Irulegiko Eskua eta ‘Loizuko gizona’ bezala ezagutzen den giza eskeletoa.
Maria Chivite Lehendakariak pieza horien garrantzia azpimarratu du, eta herritarrak animatu ditu horiek ezagutzera eta horietatik ikastera, “iragana ulertzeak gure oraina ulertzen laguntzen baitigu eta etorkizunera proiektatzen baikaitu”.
Bi piezak 2021ean aurkitu zituen 60 ikertzailez osatutako talde batek. “Hemendik aurrera, aurkikuntzak jendaurrean egongo dira testuinguruan kokatuta eta babesteko behar diren segurtasun-neurri eta guzti”, adierazi du Chivitek.
Irulegiko Eskua
Pieza 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, Irulegiko aztarnategian (Aranguren ibarra) programatutako indusketa arkeologikoetan zehar. Indusketa-gunea Irulegiko kastro baskoiari dagokio, zehazki, harresien barruko bere gela-eremuari. Irulegiko Multzoa izeneko esparru hori, Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen Gobernuak 2023ko apirilaren 26ko hitzarmenari jarraiki.
Eskua brontze irabiatu, luzatu, lisatu eta ebakitako xafla baten gainean dago egina. Bere neurriak dira: 143,1 mm-ko altuera x 127,9 mm-ko zabalera eta 1,09 mm-ko lodiera, eta 35,9 gramo pisatzen ditu.
Laua da esku-zabalaren aldean, baina atzealdean azazkal formak ageri dira, hiru hatzen artean galduta (erakuslea, bihotza eta hatz nagia). Piezak hondoratze ildaskatu perimetrala eta 6,5 mm-ko zulaketa du eskumuturretik gertu, euskarri bigun batean sartuta eusteko. Atzealdean, aldiz, lau lerroko eta 40 zeinuko inskripzio bat dago, hatzekin beherantz irakurtzeko egina.
Piezaren lehen berezitasunetako bat inskripzioa egiteko modua da. Idazkera errazteko, hasteko pautatu esgrafiatu baterako hiru lerro markatu ziren. Jarraian, zeinuak marra zuzenetan grabatu ziren, eta azkenik, punteatze teknika baliatuz markatu ziren.
Ebakidura esgrafiatuaren eta punteatuaren konbinazioa ezezaguna zen orain arte inskripzio paleohispanikoetan eta kasu bakarra idatzi da Inperio osoko epigrafia latindarrean. Testua idazteko erabilitako ikur-bilduma hau erdi-silabiko paleohispanikoen familiari dagokio, ezaugarri berezi batzuk tarteko direla: T zeinuaren presentzia, orain arte txanpon-etxe (oTikes eta uTanbaate) baskoien diru-kondairetan bakarrik ezagutu izan dena. Irulegiko Eskuaz geroztik, transkribatzen duen hizkuntzaren zeinu espezifiko gisa hartu da eta bibratzaileentzako bi zeinu daude. Ezaugarri horrek baztertu egiten du erabilitako hizkuntza zeltiberikoa izatea. “Ezaugarri linguistiko horiek eta beste batzuek pentsarazi digute Eskuaren testua azpisistema berezi edo ikur-bilduma baskoian idatzita dagoela”, adierazi dute.
I. mendearen hasieran datatu zenez, ziurtatu daiteke antzinako baskoiak ez zirela herri guztiz anepigrafikoa izan eta idazkera ezagutu eta erabili izan zutela.
Azkenik, nabarmendu behar da Eskua berezia dela, euskarriaren tipologiari eta morfologiari dagokienez (hatzak beherantz zintzilik dituen esku bat) hala nola erabilitako teknika inskribatzaileari (esgrafiatutako ordinatio baten gainean eginiko punteatua) eta inskripzioaren hizkuntza-ezaugarriei dagokienez; “horrek Nafarroako Historiarako pieza paregabea izatera darama”.
‘Loizuko Gizona’
“Loizuko gizona” K.a. 9400 ingurukoa da, eta Europako eskeleto garrantzitsuenetako bat da Mesolitoaren hasieraren azterketarako. 2021ean atera zuten Errotalde I kobazulotik (Erro), eta munduko giza espezimen osatuenetako bat da ehiztari-biltzaileen azken populazioak aztertzeko.
Bisita gidatuak eta hitzaldi-zikloa
Historiaurrea aretoko instalazio berria Nafarroako Museoko -1 solairuan dago, eta bertara eskaileraz nahiz igogailuaz gertura daiteke. Publikoarentzat irekita egongo da, gaurtik, abenduaren 17tik, aurrera, eta sarrera doakoa izango da. Museoaren ohiko ordutegia 09:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartekoa da, asteartetik larunbatera, eta 11:00etatik 14:00era igandeetan eta jai-egunetan.
Argazkiak egin ahal izango dira flashik gabe, eta, edukieraren aldetik, ezarritako kontrol-neurriak errespetatu beharko dira.
Museoak, ordutegi horretan, aurrez aurreko bitartekaritza-zerbitzua eskainiko die herritarrei, gaztelaniaz zein euskaraz, erakusketan dauden piezak errazago ulertzeko. 2025eko urtearen hasiera aldera, hitzaldi-ziklo bat antolatuko da piezen inguruan informazioa eskaintzeko.