Poesia-bildumak gai librekoak eta 400 eta 800 bertso artekoak izan beharko dira eta posta arruntez edo posta elektronikoz aurkeztu ahal izango dira apirilaren 30era arte.
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren hemeretzigarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Apirilaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik, bai gaztelaniaz eta baita euskaraz ere.
Aurkeztutako lanek guztiz argitaratu gabeak izan behar dute, aurretik ebatzitako beste ezein lehiaketatan saririk eskuratu gabeak, eta une honetan beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen ari ez direnak. Aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izango dira aurkeztu. Poema-bildumen gaia eta forma libreak izango dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa. Modalitate bakoitzeko lan hoberenak 3.000 euroko sari bakarra izango du. Sari ekonomikoa emateaz gain, irabazleen lanak argitaratuko dira. Sariaren epaia ekainean emango da ezagutzera.
Antolatzaileen zehaztu dutenez, “jatorrizko lanen lau ale aurkeztu beharko dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta. Poemak tarte bikoitzean idatzita egon beharko dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak.
Lanak posta ziurtatu bidez edo posta elektroniko bidez bidali beharko dira. Posta ziurtatuaren bitartez bidaltzekotan Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa) igorriko dira, gutun-azalean honako hau adierazita: IRUÑA HIRIA XX. Nazioarteko Poesia Sarirako.
Lanak lema eta plikako sistemaren arabera aurkeztu beharko dira. Azalean, izenburua eta lema idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek eman beharko dira: egilearen izen-abizenak, adina, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota helbide elektronikoa. Horrekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu. Aurkeztutako lana ezin izango da erretiratu lehiaketa egiten ari den bitartean. Halaber, lanak posta elektroniko bidez ere igorri ahal izango dira ateneo@ateneonavarro.es helbidera. Kasu honetan mezuari bi eranskin hauek atxikiko zaizkio: bata, egilearen datuekin eta bestea, lanarekin.