Azaroaren 22an, Hika Teatroaren eskutik Txarriboda antzezlana

Iruñeko ‘Antzerki Aroa’ zikloa ostegunean hasiko da

Urriaren 17tik abenduaren 11ra bitarte, bost antzezlan taularatuko dira Iruñean: Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak, Zaldi Urdina, 7ak bat, Txarribora, eta Erlauntza.

Antzerki Aroa 2019 zikloaren barruan, urriaren 17tik abenduaren 11ra bitarte, bost antzezlan taularatuko dira Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre antzokian eta Iturramako Civivoxan. Proposamenen artean komediak, dramak eta antzerki-hizkuntza berrietan oinarritutako testuak daude.

Egitarauari dagokionez, urriaren 17an, osteguna, arratsaldeko 20:00etan, Rubik Theatreren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak obra eskainiko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Ikuskizuna antzerki-hizkuntza berrien esperimentazioan eta bilaketan sakontzeko asmoz sortu da, mugimendu nahiz ikus-antzerkiaren poetika landuz.

Hilaren 30ean, asteazkena, berriz, arratsaldeko 20:00etan, Gayarre antzokiko oholtzan Vaiven produkzioak-en Erlauntza antzezlana ikusteko aukera egongo da. Komedia azidoa da honakoa eta malkoak eta barreak uztartzen ditu. Haurtzaroan lagunak ziren neska-talde baten istorioa kontatzen du.

Azaroaren 13an eta 14an, emanaldi bi hauek ere arratsaldeko 20:00etan, Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Axut antzerki konpainiek sortutako Zaldi Urdina obraren txanda izango da. Heroinak Euskal Herrian izan duen eragina du ardatz obrak. Ximun Fuchs eta Ainara Gurrutxagaren gidaritzapean, hainbat aktore ikusiko ditugu oholtza gainean.

Azaroaren 22an, ostirala, 20:00etan, Iturramako Civivoxan Hika Teatroaren eskutik Txarriboda antzezlana izango da. Kabaret-kontakizun bat da honakoa, non itxurak zein jakinduriak araua hausteko bide ematen duten.

Zikloarekin amaitzeko, abenduaren 11n, asteazkena, Nafarroako Antzerki Eskolan Atx teatroaren 7ak bat taularatuko dute. Antzezlanak pertsona askok ezkutatu nahi duten hori agerian uzten du, komikotasunez, satiraz eta sarkasmoz betetako hizkera batekin lagunduta.

Sarrerak 8 euroan egongo dira salgai aretoetako webguneetan eta txarteldegietan.

Zabaldu: