Iruñeko Haurrentzako Antzerki Testuen XXX. Lehiaketa abian

Uztailaren 2an amaituko da epea jatorrizko eta argitaratu gabeko testuak aurkezteko.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarrekin antolatzen duten Haurrentzako Antzerki-testuen Lehiaketaren XXX. edizioa abian da. Uztailaren 2ra arte zabalik dago lanak aurkezteko epea. 16 urtetik gorakoek har dezakete parte, eta gehienez ere, hiru testu aurkeztu ahal izango dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak. 2.500 euroko sari bakarra banatuko da, hizkuntza-modalitate bakoitzeko.

Aurkezten diren testuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: jatorrizkoak eta argitaragabeak izatea, ezin izango delarik testu bera gaztelaniaz eta euskaraz aurkeztu; saririk jaso ez izana beste edozein lehiaketatan; inongo konpainiak (profesionala izan ala ez) antzeztu ez izana, eta haurrentzako lanek izan ohi duten iraupena izan behar du. Testuak posta elektronikoz bidali beharko dira biblioteca@laescueladeteatro.com helbidera, eta ‘Gaia’ eremuan honako hau idatzi beharko da: Haurrendako Antzerki-testuen XXX. Lehiaketa. Bi fitxategi bidaliko dira: bata PDF formatuan, obraren izenburuarekin, testuarekin eta izengoitiarekin, eta bestea, honako hauekin: izenburua eta izengoitia, egilearen curriculum laburra eta NANaren edo pasaportearen fotokopia. Halaber, aitorpen idatzi bat ere erantsi beharko da.

Iazko edizioan parte-hartze markak hautsi zirela dio antolakuntzak,  207 lan jaso baitziren: 194, gaztelaniaz eta 13, euskaraz. Horrek ia laugatik biderkatzen ditu 2019an aurkeztu ziren 58 lanak. Gaztelaniaz zein euskaraz aurkeztutakoak handitu ziren, hurrenez hurren, 49tik 194ra eta 9tik 13ra igaro zirelarik. Nieves Rodriguezen La siembra de los números eta Xabier Payaren Beste behin batean lanak izan ziren Haurrendako Antzerki Testuen XXIX. Lehiaketaren irabazleak.

Saria jaso dezaketen testuak aukeratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Sari horiek ebazteko epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerki esparruko hiru profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Epaimahaiaren epaia apelaezina izango da, eta irailaren lehen astean emango da jakitera. Epaimahaiak egoki jotzen badu, eman gabe utz dezake edo saria ex-aequo eman eta sariaren zenbatekoa bi lanen artean banatu.

Saritutako lana Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko da, urtebetez, hura argitaratu edota antzezteko. Saritutako lanaren egileak lana erakusteko eskubideak lagako ditu Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako, urtebetez saria ematetik aitzina.

Zabaldu: