Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik da

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak hirugarren aldiz aurkeztu dute lehiaketa. Aurreko bi edizioetan egin zuten moduan, aurten ere hiru kategoria izango dira parte hartzeko, hiruna sarirekin. Ekainaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.

Aurreko bi edizioetako bidearekin jarraituz, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketa jarri dute martxan, bertso idatzien sorkuntza sustatzeko asmoz.

Azaldu dutenez, “Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, hiru kategoriatan: txikiena, 2009an edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2004an edo lehenago jaiotakoentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Antolatzaileek, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.

Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.

Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak, irailaren 30era arte. Ondorengo loturan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak.

Zabaldu: