Erabaki honekin, zuzendaritzan lehendik aritu ez diren hiru kide berri izango dira eta beste hiru kidek utziko dute Akademiaren artezkaritza organoa, hain zuzen, Jean-Baptiste Coyosek, Adolfo Arejitak eta Sagrario Alemanek.
Euskaltzaindiak datozen lau urteetan Akademiaren jarduna gidatuko duen lantaldea osatzeko bozketa egin du eta Andres Urrutiak Akademiaren buru izaten jarraituko duela erabaki du. Bere ondoan izango dira Itxaro Borda (buruordea), Miren Agur Meabe (idazkaria), Roberto Gonzalez de Viñaspre (diruzaina), Miriam Urkia (Iker sailburua) eta Paskual Rekalde (Jagon sailburua) euskaltzain osoak. Beraz, ondoren lau urteetan, batzorde parekidea izango dute.
Erabaki honekin, zuzendaritzan lehendik aritu ez diren hiru kide berri izango dira (Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Paskual Rekalde) eta beste hiru kidek utziko dute Akademiaren artezkaritza organoa, hain zuzen, Jean-Baptiste Coyosek, Adolfo Arejitak eta Sagrario Alemanek.
Hona hemen datozen lau urteotako Zuzendaritzako kideen profilak:
Andres Urrutia Badiola (Bilbo, 1954). Zuzenbidean doktorea eta lanbidez notarioa eta Deustuko unibertsitateko irakaslea (1989-2021). Terminologia masterra ere badu. (Universitat Pompeu Fabra, 2014). Esparru hauetan ari da: Jurilinguistika, Hizkuntza Zuzenbidea eta euskal zuzenbide zibila.
Itxaro Borda (Baiona, 1959). Historian lizentziaduna da (Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea) eta ogibidez postaria izan da Parisen lehenik eta Zuberoan eta Lapurdin azkenik, erretreta hartu arte. Literatura ibilbidea behatuz geroz, 1981ean Maiatz aldizkariaren sorreran parte hartu zuen Lucien Etxezaharretarekin batera. 2002an, Euskadi Saria irabazi zuen 100 % basque lanari esker. Eleberri andana ere argitaratu du azken hamarkadetan, hala nola Udaran betaurreko beltzekin (1987, Txertoa), Bakean ützi arte (1994, Susa), Amorezko pena baño (1996, Susa), Bizi nizano munduan (1996, Susa), % 100 basque (2001, Susa – Euskadi Saria), Zeruetako erresuma (2005, Susa), Jalgi hadi plazara (2006, Susa), Ezer gabe hobe (2010, Susa). Bere azken lana 2024an argitaratu du, hain zuzen, Itzalen tektonika (Susa) poesia liburua.
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma eta Itsasoaren atea IBBYren Ohorezko Zerrendetan ageri dira. Espainiako Poesia Saria irabazi zuen 2021ean Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Bi aldiz irabazi du Gasteiz itzulpen saria.
Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961).Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean. Euskaltzain urgazle izendatua 2015ean eta oso 2018an, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da eta Onomastika batzordearen buru, 2018ko urtarriletik aurrera. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa.
Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965). Euskal Filologian doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain osoa da 2018tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. 2021etik Iker sailburua izan da eta datozen lau urteetan ere sail horren ardurarekin jarraituko du.
Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963). Euskal Filologiako lizentziaduna. Lanbidez, nagusiki, euskara itzultzailea izan da. Bi ikasturtez Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasle izan ondotik, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzaile ari izan da 1989tik 2023ra arte; artean Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren zuzendari ere izan zen. Euskaltzain urgazlea (2003) eta euskaltzain osoa (2020). Euskaltzaindiako zenbait batzorde eta lantaldetako kide da: Corpus Batzordea (2000-2016), Euskalkien Lantaldea (2001- ), Euskaltzaindiaren Hiztegiaren Lantaldea (2001- ), Gramatika Batzordea (2003 – ), Onomastika Batzordea (2013 – ), Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordea (2015 – ), Morfosintaxiaren Estandarizazioaren Batzorde Ahaldundua (2021 – ). Halaber, Hizkuntza Kalitatearen Behatokiaren zerbitzuko arduraduna da 2013tik. Parte hartu du zenbait itzulpen eta ikerketa-lanetan.