Fernando Bernuesen gidaritzapean, Ramon Agirre eta Naiara Arnedo aktoreak ikusiko ditugu abenduaren 3an, Arriagako oholtza gainean. Gizakien arteko lotura zein ezegonkorra eta komikoa izan daitekeen erakusten du antzezlan honek.
Tanttaka Teatroak emango dio amaiera aurtengo Arriaga Antzokiko estreinaldien denboraldiari Heisenberg antzezlanarekin. Hitzordua abenduaren 3an izango da, arratsaldeko 19:30ean. Berezitasun gisa, obra ez dute agertoki nagusira eramango, Foyerrera baizik, “ikusleen arreta osoa antzezpenetan jarriko duen gertutasunarekin”, azaldu dute.
Fernando Bernuesen gidaritzapean, Ramon Agirre eta Naiara Arnedo aktoreak arduratuko dira kontakizun dibertigarri honetako bi protagonistak hezurmamitzeaz, gizakien arteko konexioa zein ezegonkorra eta komikoa izan daitekeen erakutsiz.
Georgie Burns, 42 urteko emakume bat, eta Alex Priest, 75eko gizon bat, Londoneko Saint Pancras geltokian ezagutuko dira. Atzetik ikusita, Georgiek usteko du Alex bere aita dela (urtebete da hil zela) eta eroaldi “absurdo” batean, musu emango dio garondoan. Topaketa berotzaile hori izango da biei bizitza aldatuko dien jolas zoragarri baten hasiera.
Egunerokotasunari zukua ateraz
Simon Stephens idazle eta antzerkigilearen testuak agerian uzten du berriz ere egoera arruntei edota egunerokoei zukua ateratzeko eta hortik abiatuta aparteko kontakizunak sortzeko duen gaitasuna. Egilea ezaguna eta aitortua izan da Marc Haddonen Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia eleberriaren antzerkirako egokitzapena egiteagatik, izan ere, hainbat Olivier sari eta Tony sari jaso zituen egindako lanagatik. Bestalde, Stephens ezaguna da testu adimentsuak eta delikatuak idazteko duen gaitasunagatik, zeinak aldi berean zehatzak eta zirraragarriak baitira. Heisenberg ere horren erakusgarri da.