(argazkia: Irekia)

‘Itzuli +’, itzultzaile neuronalaren tresna berria aurkeztu dute

Itzultzaileak erabiltzaileari itzulitako testua eta jatorrizkoa irakurtzeko aukera ere ematen dio.

Itzuli + itzultzaile neuronalaren tresna berria aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, aurreko Itzuli itzultzaile automatikoari lotzeko. Hala, tresnen katalogoa zabaldu du, ikasle eta profesionalentzako testuak errazago eta hobeto itzultzeko. 3.700 erabiltzaile inguruk deskargatu dute dagoeneko Itzuli + (Itzuliplus) tresna barra hau sortu eta herritarren eskura jarri zenetik. Gainera, itzultzaileak erabiltzaileari itzulitako testua eta jatorrizkoa irakurtzeko aukera ematen dio, eta horrek interprete-lanetan eta ikusmen-urritasuna edo dislexia duten pertsonentzat aukera interesgarria ematen duela adierazi dute.

“Itzuli + oso tresna gomendagarria da testuen elaborazioan eta itzulpenean; ikasleek eta gurasoek maiz erabiltzen dute itzulpenetarako eta, halaber, oso erabilgarria izan daiteke esparru akademikoetan eta erakunde publikoekiko komunikazioetarako”, azaldu dute. Tresna barra honek Interneten dauden hainbat tresna bildu ditu: Itzuli itzultzaile neuronala, Elhuyar, Morris eta Collins hiztegiak, euskarazko Wikipedia eta ahots sintesia.

Itzuli egitasmotik eratorritako proiektua da Itzuli +. Izan ere, Itzuli lehen proiektua izan da, herritarrek erabiltzeko sortua, Adimen artifizialetik abiatuta. “Zerbitzu honek kalitatezko itzulpenak egiteko aukera ematen du, bai euskaratik gaztelaniara, bai gaztelaniatik euskarara eta baita euskaratik frantsesera edo ingelesera eta alderantziz ere”, adierazi dute.

Itzuli 2019ko urrian abiarazi zen eta ordutik gaurdaino, tresna honek erabilera zabala izan du herritarren artean. Urte luze honetan berrogei milioitik gora kontsulta edo itzulpen zerbitzu eskaini ditu.

Itzultzaile neuronala hainbat urtetako lanaren emaitza izan dela azpimarratu dute, “20 urtez bildutako itzulpen-memoriak erabiliz ezarri da. Itzulpengintzan, euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egindako itzulpengintzan batez ere, pilatutako eskarmentu handiari esker, oso datu-base terminologiko eta linguistiko zabala lortu da”.

Euskaratik gaztelerara eta alderantzizko itzulpenak ezezik, euskaratik frantsesera eta ingelesera ere itzultzen du eta, alderantziz, erdal hizkuntza hauetatik euskarara.

Itzuli + Firefox eta Chromerako sortu da, eta automatikoki lotzen da Itzuli itzultzailearekin. Hainbat hiztegirekin (baita alemanarekin ere) eta Wikipediarekin ere konektatzeko aukera ematen du. Erraz eta intuizioz erabiltzen da: web orri batean paragrafo bat edo gehiago aukeratzen dira eta, Itzuli ikonoan klik egin ondoren, itzulpen automatikoa eskaintzen du. Beta aukera sakatuz gero, testu itzulia entzun daiteke.

Zabaldu: