Dibulgazio lan bat den arren, batez ere, kofradiak jendarteratzea du helburu lanak. Horretarako dokumentazio historikoa batu eta ikertu dute, eta azken 50 urteetako lekukoen testigantzak ere jaso dituzte.
Iurretako kofradien eta Gerediaga Elkartearen arteko lankidetzari esker, bertako kofradien ibilbide historikoa jasotzen duen liburua kalean da. Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen du izenburu lanak eta azaldu dutenaren arabera, dibulgazio lan bat den arren, batez ere, kofradiak jendarteratzea du helburu.
Hala, argitalpenaren aitzakiarekin, dokumentazio historikoa bildu eta ikertu dute, eta azken 50 urteetako lekukoen testigantzak ere jaso dituzte. Argitalpena osatzerako orduan, Markel Onaindia kazetari iurretarrak testuak idatzi eta bideo guztien grabaketak egin ditu, Jon Irazabal dokumentazioaz eta artxibo historikoaz arduratu da eta Eñaut Aiartzaguena diseinuaz eta maketazioaz. Argazki gehienak, bestetik, Iñaki Irazabalek utzitakoak dira.
Libururako jasotako lekukotzak bideoan grabatu dira eta Onaindiak 25 minutuko ikus-entzunezko laburra ekoitzi du kofradien historia laburbilduz. Ikus-entzunezko horren emanaldia irailaren 14an, osteguna, izango da. Hiru aurkezpen saio izango dira 17:00etan, 18:30ean eta 20:00etan. Ez da lekurik erreserbatuko, beraz, aretoa bete arte utziko da jendea sartzen saio bakoitzean.
Dibulgazio lanera begira, gainera, libururako batutako dokumentazioa eta bideoak webgune berezi batean sareratzeko asmoa ere azaldu dute.