(argazkia: Pabellon 6)

Ixo Teatroak ‘Harea’ obra taularatuko du ekaineko lehen asteburuan Bilboko Pabellon 6n

Bi gazte, uharte bakarti bat eta fruitu bakar batek eraldatutako errealitatea. Hitzik gabeko tragikomedia baten bidez gizakiaren anbizioari buruzko gogoeta proposatzen du antzezlanak.

Ixo TeatroaHarea antzezlanaren aretoko bertsioa aurkeztuko du datorren astean, Bilboko Pabellon 6 aretoan. Emanaldiak ekainaren 4tik 7ra izango dira, eta ikusleek Leioako Umore Azokan aurkeztutako lanaren beste formatu bat ezagutzeko aukera izango dute.

Istorioaren abiapuntuan, hegazkin-istripu baten ondoren uharte bakarti batean harrapatuta geratutako bi gazte daude. Hasieran ez dute ia ezer izango: maleta eta zuhaitz bana. Zuhaitz haren gerizpean sortuko da bien arteko harremana, baina lehen fruitua erortzearekin batera egoera guztiz aldatuko da. Testuak iradokitzen duen bezala, baliorik txikiena duen zerbait urre bihur daiteke egoera jakin batean, eta hortik aurrera piztuko da gatazka.

Konpainiaren ohiko ildoari eutsiz, hitzik gabeko antzezlana izango da Harea. Horrela, hizkuntzatik harago doan esperientzia eszenikoa eskaini nahi dute, keinu komedia eta antzerki fisikoa oinarri hartuta. Tragikomedia honek gizakiaren anbizioa jorratuko du, hitzik gabe baina gorputzaren eta ekintzen bidez.

Arnatz Puertasek eta Luix Mitxelenak gorpuztuko dituzte bi pertsonaiak. Aktore bi hauek urteak daramatzate istorioak keinu komediaren bidez kontatzeko moduak lantzen, eta oraingoan ere antzerki fisikoaren bidez gatazka sozialak eta giza jokabideak oholtzara eramango dituzte. Laburbilduz, euren bizitza ikusteko modua eta gizakiak ulertzeko era eraman nahi dituzte oholtzara.

Sorkuntza kolektiboa izan da, eta Estitxu Zalduaren kanpo-begirada izan du proiektuak. Talde artistikoan parte hartu dute, halaber, Betitxe Saituak jantzien diseinuan, Adrian Garcia de los Ojosek soinu-espazioan, Javier Tiradok eszenografian eta Jaione Azkonak argiztapen diseinuan.

Emanaldiak 19:30ean izango dira egunero, igandean izan ezik, azken saioa 19:00etan hasiko baita. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragai.

Zabaldu:

Utzi erantzuna