(argazkia: BFA)

Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren obrak Getxon ikusgai Bosteko erakusketaren bidez

Erakusketak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso nahi ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko iruditeria sortzen da.

Bosteko erakusketaren hogeita bosgarren edizioa, Bizi izenekoa, Getxora heldu da, Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubio artisten lanekin. Erakusketa ibiltaria azaroaren 17ra arte egongo da bertan.

Bosteko 2022 erakusketa ibiltariaren laugarren geralekua Amorebieta-Etxano izango da, eta bertan, azaroaren 21etik abenduaren 12ra egongo da erakusketa ikusgai. Arrigorriagak, berriz, 2022ko abenduaren 15etik 2023ko urtarrilaren 8ra hartuko du.

Antolatzaileen arabera, “pertsonok espazioa nola bizi dugun eta espazio horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortu da Bizi erakusketa”. Alonso, Garate eta Rubio EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleak dira eta erakusketa honek artista hauetako bakoitzaren lanetik hurbil dagoen begirada eskaintzen du, bilaketa plastikoa da, arkitektura bizi eta hautematetik sortutakoa.

“Espazioaren eta giza praktiken arteko topaketatik sortutako esperientzia gisa ulertzen da bizitzea. Askotan, gure existentzia nolabait antolatzen eta definitzen duten espazioak eraikitzeko tresna gisa aurkezten da arkitektura. Praktika artistikoek, bestalde, toki horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezakete, hortik esperientzia berriak sortzeko”, azaldu dute.

Alonsok hiru ikuspegitatik heltzen dio pinturari: “mihisean gertatzen dena, errealitate birtualean sortzen dena eta espazioan sortzen dena”. Hiru jarrera horiek bere giza praktika definitzen dute, eta, ondorioz, esku hartutako, margotutako edo irudikatutako espazioak bere izateari uzten dio, eta paisaia bihurtzen da.

Garatek argazki-irudiak memorian uzten duen aztarnan oinarrituta lantzen ditu paisaiak. Leku eta garai desberdinak agertzen dira, onirikoaren eta oroimenaren arteko fenomenoa da.

Bere lanen bitartez, Rubiok ohartarazten digu beharrezkoa dela gizakien babeslekuak sortzea, habitatak hobetzeko. Askotan, obraren eta obra behatzen duenaren arteko komunikazioa errazten duten narrazio-elementu ezaguterrazak erabiltzen ditu.

Horrela, bada, Bosteko erakusketak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso nahi ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko iruditeria sortzen da. Izaskun Alonso Saratxagak, Mikel Garate Aracamak eta Jorge Rubio Pinedok bizitzeari buruz planteatzen dituzten askotariko begiradek bat egiten dute erakusketa honetan, zeina arkitektura ikuspegi berrietatik ikusteko gonbidapena baita.

Zabaldu: