Jaialdi minimalista izango da aurtengo Dferia

28 konpainien 28 ikuskizun eta 41 emanaldi izango dira Donostiako hainbat agertokitan, martxoaren 15etik 18ra bitartean.

DFeria “ezinbesteko topaketa bilakatu da arte eszenikoen esparruan”, adierazi dute antolatzaileek. Bereziki, profesionalei zuzendutako jaialdia da: aurkezpenak, neurrira eginiko topaketak, bilerak, bideratzaileak eta bestelako jarduera paraleloak antolatuko dira sektoreko  profesionalei zuzenduak. “2021eko edizioa berezia izango da jaialdiarentzat, 2020ko martxoko itxialdia baino lehen egindako azkena izan zen, eta “normalitate berria” garaian burutzen den lehena izango da”, nabarmendu dute.

Aurten DFeria ezinbestean pandemiaren ondorioz egokitutako baldintzetara moldatuko da, betiere ikus-entzulegoaren eta artisten segurtasuna bermatuz, antolatutako jarduera guztietan.

Jaialdiaren XXVII. edizioa martxoaren 15etik 18ra bitartean egingo da, nahiz eta aurreko ostiral eta igandean programatutako zenbait ikuskizun bere baitan hartuko dituen. Hala, aurtengo gaia etorkizuna izango da, “ardatz horren inguruan garatuko da neurri handi batean 2021 edizioko ildo editoriala”.

Kartelaren egilea Rebeka Elizegi izan da. “Kulturaren eta arte eszenikoen mundurako hain urte krudela igaro ondoren”, kartelaren bitartez zera islatu nahi izan du: “antzerki mundua irudikatzen duen pertsonaia nagusi bat ilunpetik azaltzen da eszenara, espazio guztiari indarra eta energia berritua emanez”.

28 konpainien 28 ikuskizun eta 41 emanaldi izango dira Donostiako hainbat agertokitan. Kopuruei dagokienez, ikuskizunen %64a estreinaldiak izango dira modu batean edo bestean: bost mundu mailan (horietatik bi gaztelaniazko bertsioak baitira) eta hamahiru Euskal Herrian. Diziplinei dagokienez, %50a dantza izango da, beste %39a antzerkia eta gainontzeko %11 diziplina anitzak.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu: