(argazkia: Jantziaren Zentroa)

Jantziaren Zentroak ‘Gaua filmeko jantzi liluragarriak Nerea Torrijosen eskutik’ erakusketa zabaldu du Errenterian

Erakusketaren helburua jantzi diseinatzaile bilbotar honen lana ezagutzera ematea da. Jantzi bakoitzaren ondoan aurre produkzio lanean aurkeztutako dosierrak ikus daitezke, bertan Torrijosek pertsonaia bakoitzarentzat proposatutako jantzia, oihala, kolorea eta egindako dokumentazio historikoa.

Errenteriako Jantziaren Zentroak Gaua filmeko jantzien diseinatzaile Nerea Torrijosen (Bilbo,1985) lana eta ibilbidea oinarri duen erakusketa zabaldu du Kapitain etxean. Filmeko bederatzi jantzi, horien diseinuak, eta filmaketaren bitxikeriak jasotzen ditu bilduma honek. “Erakusketa hau aukera paregabea da filmeko jantziak ikusteko, ilunpean eta segundo gutxitan agertzen diren horiek. Halaber, film bat historikoki kokatzeko itzalean lan egiten duten jostun, modisto, diseinatzaile, makillatzaile eta ile-apainketen lana ezagutzeko aukera ere bada”, adierazi dute antolatzaileek.

Azaldu dutenez, “Kapitain-etxeko ateak gurutzatu ahala, ezkerretara begiratuta, pelikularen hasieran murgilduko gara, alegia, Kattalin protagonistak etxetik ihes egin, eta gauez basoan hiru emakume topatzen dituen unea. Aretoaren eskuinaldean, berriz, XVII. mendeko goi-mailako jantziak daude ikusgai, noble eta elizaren jantziak herri xehearekiko jantziekin alderatuta”.

Nerea Torrijos diseinatzailea

Erakusketaren helburua Nerea Torrijos zinemako jantzi diseinatzailea eta bere lana ezagutzera ematea da. Jantzi bakoitzaren ondoan aurre produkzio lanean aurkeztutako dosierrak ikus daitezke, bertan Torrijosek pertsonaia bakoitzarentzat proposatutako jantzia, oihala, kolorea eta egindako dokumentazio historikoa.

Torrijosek urteak daramatza zinema munduan lanean. Paul Urkijo zuzendariarekin elkarlana duela hamarkada bat abiatu zuen, eta honen film luze guztietako jantziak egin ditu, Errementari (2017), Irati (20223) eta Gaua (2025). Azken lanen artean, Asier Altunaren Karmele (2025) eta Korrika 2026ko kantaren bideoa aipatu daitezke. Bilbotarrak jantziteria onenaren Goya saria irabazi zuen Akelarre filmarekin (2021) eta birritan Goya sarietarako izendapena jaso du Irati (2023) eta 20.000 especies de abejas (2024) filmengatik.

Torrijos bera da erakusketaren komisarioa, arte zuzendari Izaskun Urkijok, berriz, basoa girotu du, Irusoian eta Ikusgarri ekoiztetxeek filmeko irudiak, trailerra eta soinu banda erabiltzeko baimena eman dute, eta Madrilgo Peris Costumes jantzi etxeak erakusketako jantziak utzi ditu.

Erakusketa doan bisitatu martxoaren 22ra arte, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna