Jexuxmai Lopetegik eta Noizbehinka bandak ‘Barrakoian 25 urte’ diskoa plazaratu dute

Orain arte kaleratutako zazpi diskoetatik hamalau kantu bildu ditu musikari zarauztarrak disko berrian. “Kantuen hautaketa ez da erraza izan, baina diskoan bilduta daudenak 25 urte baino gehiago daramatzan ibilbide eder honen ispilu ezin hobea dira”, adierazi du.

Jexuxmai Lopetegik bere zortzigarren diskoa dakar eskuartean. Abeslari eta gitarrista zarauztarrak Barrakoian 25 urte jarri dio izena lan berriari, izan ere, mende laurdena igaro da bere bakarkako ibilbideari ekin zionetik. Lopetegi Akelarre taldearekin egin zen ezagun, 80ko hamarkadan. Horretaz gain, Kepa Junkerarekin lan egin izan du eta Goenkale telesailaren sintonia grabatu zuen, besteak beste. 1994an, berriz, bere lehen bakarkako lana grabatu zuen Niko Etxarten Kilikas estudioan.

Geroztik, Zarauzko Noizbehinka estudioa izan da bere bandaren laborategia, “maketazio, entsegu eta lagun arteko jan-edan session komuna izan da”, aitortu du.

25. urteko ibilbidea ospatzeko, orain arte kaleratutako zazpi diskoetatik hamalau kantu hautatu eta disko berrian bildu ditu musikariak, horretarako Noizbehinka banda izan du alboan. “Kantuen hautaketa ez da erraza izan, baina diskoa osatzen duten abestiak 25 urte baino gehiago daramatzan ibilbide eder honen ispilu ezin hobea dira”, adierazi du. Hitzei dagokienez, abestiak konposatzerakoan Joseba Sarrionandia eta Harkaitz Canoren hitzak Lopetegiren lagun onak izan dira beti.

Diskoaren aurkezpen kontzertua gaur bertan egingo dute, arratsaldeko 20:00tan, Zarauzko Modelo aretoan.

Zabaldu: