(argazkia: elkar argitaletxea)

Joan Mari Irigoiein idazlea zendu da

Elkar argitaletxeak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Joan Mari Irigoien idazle altzatarra hil da gaur 74 urte zituela. “Atsekabez jakinarazten dugu Joan Mari Irigoien, idazlea eta argitaletxeko lankide ohia, hil berri dela, 74 urte zituela, endekapenezko gaixoaldi luze baten ondorioz. Obra miresgarria ekarri zion euskal literaturari eta bizipoza zabaldu zuen beti ingurukoen artean. Gugan bego”.

Ingeniaritza ikasketak egin zituen arren, ez zuen arlo horretan jardun. Realeko bigarren taldeko futbol jokalaria izan zen gaztetan, eta gazte zelarik ere bi urte eman zituen Venezuelan. Bertan Hego Amerikako literatura (Sabato, García Márquez, Benedetti…) ezagutzeko aukera izan zuen. Handik itzulitakoan, Egin egunkarian zuzentzaile lanetan aritu zen, irakasle gisa ibili zen eta Euskal Telebistarako gidoiak ere egin zituen, baina batez ere idazlea izan zen bere bizitzan. Urte askoan Elkar argitaletxeko langile izan zen.

Euskal literaturari dagokionez, batez ere nobelagintzan nabarmendu zen idazlea, nahiz eta poema liburuak eta haur eta gazteentzako lanak ere idatzi zituen.

1975ean argitaratu zuen bere lehen liburua Hutsetik esperantzara izenburupean. Tartean,Babilonia eta Lur bat haratago eleberriak idatzi zituen, azken hori euskaraz idatziriko fikziozko libururik luzeenetakoa da. Bere azken liburua, Sorgin-argien ehizan, iaz argitaratu zuen Elkar argitaletxearekin.

2013an, osasun arazoak zirela eta, erretiroa hartu zuen: alboko esklerosi primarioa diagnostikatu zioten, hitzak ahoskatzeko ez ezik, mugitzeko zailtasunak ere izan zituelarik. Horrek bere jarduna murriztera behartu zuen, baina poesia lantzen jarraitu zuen. Azkenik, gaitzak okerrera eginda, 2023ko maiatzaren 17an hil da.

Bere lanetan behin baino gehiagotan adierazi zuen eutanasiaren aldeko jarrera eta olerki bat ere idatzi zuen gaiaren inguruan.

Amodiozko gutuna

Printzesa urrun baten izena duzu,

Eutanasia,

 

baina nik hurbilago nahi zintuzket,

maite-maite baitzaitut,

eta ez baitut burutik baztertzen zu neure egitea noizbait,

edo ni zeure, hobeki…

 

Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;

zu, ene azken hatsa;

zu, ene Buda errukibera;

zu, ene balizko sufrimenduen aringarri;

zu, ene maitaleen maitale.

 

Barkatu atrebentzia,

hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…

Zabaldu: