Johañe Etchebest Euskal Kultur Erakundeko zuzendari berria izango da

24 urtez EKEko zuzendaria izan ondoren, Pantxoa Etchegoin-ek 2021eko urtarrilaren 30ean hartuko du erretiroa. Etchebest, berrogei urteko zuberotarra, euskal dantzan eta musika tradizionalean aditu gisa ezaguna da.

Pantxoa Etchegoin-ek Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendaritza utzi eta Dantzarien Biltzarreko misio arduraduna izandako Johañe Etchebesti pasatuko dio kargu horren lekukoa. Etchegoienek hogeita lau urte eman ditu zuzendaritza lanetan eta 2021eko urtarrilaren 30ean erretiroa hartuko du.

Berrogei urteko zuberotarra dugu Etchebest, euskal dantzan eta musika tradizionalean aditu gisa ezaguna da. Euskal Ikasketak amaitu eta gero, 2002an lehiaketa publikoan eskola elebiduneko plaza lortu eta luzaroan irakasle lanetan aritu da. 2015ean Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko misio arduradun bihurtu zen, eta zeregin horretan aritu da orain arte.

Euskal kulturaren munduan biziki inplikatuta, Etchebest kultura elkarte desberdinen administratzailea izan da: Konpany Beritza, Larraineko Maskaradak, Aitzindariak, … baita koreografoa, dantzaria eta musikaria ere hainbat konpainietan. Kautere Balet, Konpany Beritza eta EliralE dira horietako batzuk. Horretaz gain, Zuberoako pastoral eta maskaradetan dantzaria eta txistularia izan da.

Administrazio Kontseiluak 2020ko abenduaren 3an izendatu zuen Etchebest EKEko zuzendari, eta 2021eko otsailaren 1ean hartuko du kargua. Euskal Kultur Erakundeko administrazio Kontseiluko kideek eta lantaldeak ongietorria egin diote.

Zabaldu: