(argazkia: Paula Blanco Vazquez)

Jon Artano kazetariak irabazi du Tene Mujika saria

Anderik Ande izeneko proiektuak Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu.

Jon Artano kazetariak (Zestoa, 1978) irabazi du 2022ko Tene Mujika beka, Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabiltzan hainbat amerikarrenak kontatu nahi dituen Anderik Ande izeneko proiektuarekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Artanorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du Zestoako kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Bi parte izango ditu lanak: lehena, Joandakoez, Hego Amerikan gertatzen da, eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak kontatuko ditu: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak, besteak beste. Bigarren partea, Etorritakoez, gaur egun Latinoameriketatik gurera migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da. Elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.

Jon Artano kazetaritzan lizentziaduna da eta hogei urteko ibilbidea egin du hainbat komunikabidetan: irrati, telebista eta prentsa idatzian. 2016tik 2019ra Latinomarikako berriemaile berezia izan zen EITBrentzat, eta hango esperientzia baliatuko du, besteak beste, liburua idazteko.

Zabaldu: