Bertol Arrieta, Mikel Fernandino eta Marieta Diaz de Toledo izan ziren aurreko edizioan saria jaso zutenak. Argazkian: Mikel Martinez, Marieta Diaz de Toledo eta Beltol Arrieta (argazkia: Tartean Teatroa)

Bertol Arrietak, Mikel Fernandinok eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dituzte XIX. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko sariak

Denetara 29 gidoi jaso dituzte edizio honetan. Hauetatik zortzi euskaraz izan dira.

Bertol Arrieta Kortajarenak (Zarautz, 1975) eta Mikel Fernandino Hernandezek (1984 Lasarte-Oria) Zure sotoko ardoa eta Deus ex Twingo lanengatik irabazi dituzte euskarazko sariak eta Marieta Diaz de Toledok (Bilbo) La tela de araña gaztelaniazko lanagatik.

Denetara 29 gidoi jaso dituzte Cafe Bar Bilbao Sariaren 19. edizio honetan. Hauetatik zortzi euskaraz izan dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, “lan handia izan dugu saridunak aukeratzerakoan, gidoien maila oso altua izan baita”.

Euskarazko bi gidoi irabazleak Tartean Teatroaren laguntzarekin irakurketa dramatizatua formatuarekin eszenaratuko dira Bilboko Lautan Hiru Jaialdian. Gainera Bilboko Pabellon 6 aretoko Antzerki Arineko jardunaldietan parte hartzeko produkziorako laguntza jasoko dute.

Arrietaren Zure sotoko ardoa. Udaberriko ekaitz batek harrapatuta, taberna berean hartzen dute aterpe, kasualitatez, Xabik eta bere bikotekide ohi Arantxak. Ezkondua eta bi seme-alabaren aita da, gaur egun, Xabi. Soltera dago, itxuraz, Arantxa. Hamabi urte igaro badira ere euren harremana eten zutenetik, elkarrekin bizitako une gozoak oroitzen hasiko dira, baina baita beren bizikidetzaren trapu zaharrak ateratzen ere.

Fernandinoren Deus ex Twingo lanak maitasunaren komenigarritasunei buruz hitz egin nahi du. Gaur dekonstrukzio prozesuan dagoen substantzia lirdinga hori interes handiak mugitu izan baititu gizatasunaren historian zehar, bai familia noble eta aberatsetan edo, kasu honetan bezala, bi pertsona arrunten artean.

Diaz de Toledoren La tela de araña. Hilkutxa bat, hiru aulki, bi ahizpa eta horietako baten alaba. Hiru emakume inguru itolarri batean preso, euren aitak eta aitonak sortutakoa. Obran zehar, bere buru besterenduek txikizio eta salaketa izugarrietan zabaltzen dituzte txikitatik biktima gisa jasan duten tiraniaren ondorioak.

Denek begiratzen diote borrero berari, baina batek ere ez du berdin hautematen eta sentitzen. Horietan, errealitatea eta fikzioa nahastu eta bat egiten dira paranoia suntsitzaile eta fatalista batean.

Dramaturgo hasi berriak laguntzea

Teatro Laburreko sari honen ezaugarri nagusia formatu txikira egokitzen diren antzezlanak laguntzea da. Hau da, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar dira eta, banaketa eta ekoizpen errazekoak. Honekin batera, sari honen beste xedeetako bat dramaturgo hasi berriak laguntzea eta antzerkiaren munduan murgiltzen animatzea da.

Cafe Bar Bilbaok 2002tik egiten du Gidoi Laburren sari ezaguna eta, idazle  eta dramaturgo ugarik jaso dute dagoeneko merezitako errekonozimendua: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Aizpea Goenaga, Galder Perez, Txema Trujillo, Goiatz Labandibar eta Javier Diez Carbona izan dira horietako batzuk. Asier Hernandezek eta David Manganak aurreko edizion jaso zuten saria.

Zabaldu: