Jone Arriola, La Traka eta Pello Reparazen proiektuak 2deo sarietan hautatu dituzte

Gazteen bizipenak ardatz dituen telesail bat, gizarte-estereotipoak hausten dituen webserie bat eta bideoklip interaktibo bat izan dira aukeratutako formatuak.

Donostiako Tabakalerako hainbat kidek eta ikus-entzunezko sektoreko aditu independenteek osatutako batzorde batek hautatu dituzte 2deo Saria 2020 deialdiaren bidez prototipoak garatuko dituzten hiru proiektuak. Deialdi honen helburua ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta prototipazioa sustatzea da.

Ia ehun proiektu aurkeztu dira aurtengo 2deo sarietara eta horietatik Jone Arriola, La Traka Producciones eta Pello Reparazenak aukeratu dituzte. Hauen artean 50.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko da eta, urtarriletik maiatzera bitartean, euren proiektuaren prototipoak garatuko baliabideak eta espazioa izango dute Tabakalerako 2deo laborategian. Prozesu hori amaitzean, prototipoen aurkezpena egingo da ekitaldi publiko batean, ikus-entzunezko 2deo laborategian.

Jone Arriolak Larrugorritan izeneko proiektua sortuko du. Gazteak ardatz dituen telesaila da eta protagonistek hogei urte inguru dauzkate. Bost laguneko koadrila batek emakumeei eta gizonei buruzko estereotipoak eta mitoak hautsiko ditu. Arriolak istorio hau bere esperientziatik kontatu nahi du, bere egunerokotasunean bizi dituen egoerek gazte askori identifikatzeko aukera emango dielakoan.

Nahiak da La Traka Producciones-ek landuko duen proiektua. Webserie hau hamabost minutuko hiru atalez osatuta egongo da eta drama eta komediaren artean kokatuko da. Estilo ironiko baten bidez, formalismoa eta narratiba konplexuak alde batera utzi eta pertsonaien eta argudioen naturaltasuna eta sinpletasuna aintzat hartu nahi ditu. Proiektu honek ikusgarritasuna eskaini nahi die bazterketa-arriskuan dauden kolektiboei, estereotipoak saihestuz.

Amaitzeko Pello Reparazek Fatum, adimen artifizialarekin sortutako lehen abesti eta ikus-entzunezko aplikazio interaktiboa garatuko du. Proiektu honetan, eta adimen artifizialak ematen duen informazioari esker, hartzaileak ez du inoiz abesti bera entzungo eta ez du bideoklip bera ikusiko. Gidoiaren pistak, egiturak eta bideak erreproduzitzeko konbinazioak askotarikoak izango dira eta erreproduzitzen den bakoitzean esperientzia ezberdina izango da. Ikus-entzunezkoetan oinarritutako prototipoa da, baina, aldi berean, musikaren sektoreari zuzendutakoa.

Zabaldu: