(argazkia: Gari Garaialde)

Jone Uria izan zen nagusi larunbateko saioan, Donostian

Getxoztarrak 706 puntu bildu zituen. Enbeitak 688, Etxebarriazarragak 682,5, Arzallusek 678, Martikorenak 674,5 eta Iguaranek 659.

Victoria Eugenia antzokian jokatu zen larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen faseko bosgarren saioa eta Bertsozaleren arabera, Donostiako antzokia “goraino bete zen”, izan ere, 888 bertsozale izan ziren bertan.  Leire Garatxena Larrabe gai-emailea izan zen oholtzara iristen lehena eta, haren atzetik, sei protagonistak: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Onintza Enbeita Maguregi, Maddalen Arzallus Antia, Eñaut Martikorena Lizaso eta Jone Uria Albizuri.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatu ondoren, Jone Uria izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 706 hain zuzen. Haren atzetik geratu ziren Onintza Enbeita 688 punturekin, Aitor Etxebarriazarraga 682,5 punturekin, Maddalen Arzallus 678 punturekin, Eñaut Martikorena 674,5 punturekin eta Beñat Iguaran 659 punturekin.

Beraz, Irungo finalaurrekoan kantatuko du Jone Uriak azaroaren 5ean, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta beste hiru sailkaturekin batera. Larunbateko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Lehen fase osoan bezala, zazpiko hau aritu zen epaile lanetan: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Larunbatean ere, zortziko nagusi eta txikiko saioak egin zituzten bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean jardun zuten. Hauxe gaia: Badakizu min egingo diola, baina pentsatzen duzuna esatea erabaki duzu.

Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa.

Zabaldu: