Nomofobikak konpainiaren ‘Kris eta Krash ileapaindegia’ obrak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren saria

Ion Martinez Esnaola, Txiki-ren Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria proiektua ere finalista izan da.

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2022/23ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak badu dagoeneko irabazlea. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak Nomofobikak konpainiaren Kris eta Krash ile-apaindegia antzezlana aukeratu du.

Finalista izan den beste obra Txiki komikoaren proiektu berria da, Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria.

Kris eta Krash ileapaindegia

 Nomofobikak konpainiaren obrako aktoreak Amaia Lizarralde eta Asier Olaizola dira eta Olatz Beobideren kanpo begirada du.

Kris eta Krash ile-apaindegian daude, elektrizitatearen erabilera mugatuta dute (lehorgailua, plantxak…) ordaindu behar dituzten faktura altuengatik (argiarena, urarena). Hala ere, bezeroek ez diote joateari utzi, ile-apaintzaileei esker beraien arazoak hobetzen baitira.

Ile-apaintzaileek trikimailuak erabiltzen dituzte argiaren faktura ez ordaintzeko eta, batzuetan, beraien zailtasunak eta bizipenak partekatzen dituzte bezeroekin, paperak trukatuz. Amaieran, bezeroak harro daude laguntzeko gai izan direlako eta irtetean, lasaiago egingo diote aurre euren bizitzei, zer gertatzen zitzaien ulertu dutelako, nahiz eta hasieran ilea apaintzera bakarrik joan ziren.

 Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria

Euskal Herriko historia kontatuz, umorezko bakarrizketa berri bat egitea izango da Ion Martinez Esnaola, Txiki-ren proiektuaren asmoa. Espazioaren Big Bangetik, lehen kobazuloetako gizakietara; lehen artzainetatik, erromatar garaira; Nafarroako Erresuma. Mundu gerrak, gerra zibilak, frankismoa, ETAren hamarkadak… Euskal Herrian eman den azken fenomeno historikora arte: Chill Mafia.

Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek.

Proposatutako antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 1.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 1.200 eurokoa. Gainera, kultur etxeek abenduan zehar euren espazioak utziko dizkiete aukeratutako sormen-proiektuak gauzatzeko.

Era berean, 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko estreinaldi eta emanaldien truke 2.500 euro jasoko ditu irabazleak, eta 2.000 euro finalistak.

Zabaldu: