Usurbilgo artistak ibilbide luzea egina zuen margogintzan. Informalismoaren jarraitzailea zen; espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu zituen.
81 urte zituela zendu da Jose Luis Zumeta (Usurbil, 1939) margolaria, Donostian. Usurbilgo artistak ibilbide luzea egina zuen margogintzan. Informalismoaren jarraitzailea zen; espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu zituen. Ikusgarriak dira Zumetaren kolore gorriak, horiak eta urdinak, eta haren pinturaren aldien artean aipatzekoa da Papiroak izeneko saila. Azken urteetan, abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen, betiere bere lanean ohikoak diren kolore deigarriak erabiliz eta formatu handiko lanei aparteko garrantzia eskainiz. Usurbilgo margolariak azkar margotzeko ohitura zuen, senari kasu eginda eta arrazionaletik urrunduz, horrela eman zituen bere bizitzako 60 urte. Pasioa zen berea, margotzen ez zuenean ere buruan margoa zeukan.
Zumetaren lanetan hainbat kode eta aldi ikus daitezke, 1960ko hamarkadan kolore zerrendaz egindako koadroetatik hasita, alla prima estiloko berriagoetaraino. Aldian aldiko kode horiek, eta bere garaian Gaur talde artistikoan, gero Ez dok Amairun eta kultura asteetan, geroago Homenaje a las víctimas del franquismo omenaldian, eta azkenik Nueva Etiopía liburu-diskoan parte hartu izanak, bestalde, gizartetik zetozkion zantzuen adi egon izan dela adierazten du.
Margolariak iazko apirilean azken bi urteetan egindako artelanak bildu zituen Bilboko erakusketa batean, ekainean berriz, Azken Zumetak erakusketa jarri zuen Donostian.