Nafarrak sortutako ilustrazioak irailaren 7ra arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.
Joseba Beramendik (Iruñea, 1973), Exprai ezizenez ere ezaguna, komiki, diseinu grafiko eta animazio ikasketak egin zituen Bartzelonako Escola Joso Komiki eta Arte Bisualen Zentroan.
Urte luzez publizitate agentzietan aritu da diseinatzaile lanetan. Horrez gain, komunikabide anitzetan aritu da eta aritzen da, betiere marrazketa alde batera utzi gabe: Xabiroiren zenbaki bakoitzean tira bat egiten du; Gara eta Berria egunkarietan udako zintak batean eta kontakizunak bestean ilustratu izan ditu; Xabiroi eta Ttap aldizkarietan ere marrazten du eta Gaztezulon kolaboratu izan du; Aizu! eta Nabarra aldizkarietan diseinatzaile eta ilustratzaile aritu da; Euskalerria irratiko irratsaio bat gidatu zuen; irratietako tertulietan parte hartu du; eta zineman ere kolaboratu du Black is beltza 2: Ainhoa filmeko pertsonaia batzuk diseinatzen.
Euskaraz lan egiteari garrantzi handia eman dio bere ibilbide osoan zehar eta, zailtasunak zailtasun, euskal komunikabide eta agentziekin lan egiteko hautua egin du. Komikiak, baina, Estatu espainiar aldean enkargatu eta argitaratu dizkiote, momentuz.
Haur eta gazte literaturari dagokionez, 2024an Ruben Ruizek idatzitako Pellokeriak (Elkar) ipuin-bilduma ilustratu zuen. Obra horrek Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zuen. Urte berean, bere lehenengo bakarkako lana argitaratu zuen: Zu hor eta ni hemen (Txalaparta), Palestinako gatazkari buruzko haurrentzako albuma.
Ilustratzailearen azken lanetako bat, 2025eko apirilaren 1etik 12ra Antsoainen ospatu den Komiki Boom Azokaren aurkezpen kartela izan da.
Amaitzeko, haur eta gazteentzako ikastaroak eman ditu, baita irakasleei zuzendutako visual thinking teknika grafikoari buruzkoak ere (UEU). Horrez gain, institutuetan, UNEDen eta Kultur etxeetan hitzaldiak eman ditu.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra, Aritz Trueba, Olaia Martinez eta Nerea Urrestarazu. Orain, Joseba Beramendiren txanda da.