Esparzaren lanak osotasunean duen kohesioa nabarmendu du epaimahaiak.
Joseba Esparza Gorraizek eta Nadia Fabro Andresek Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Saria jaso dituzte, Ttau eta biok eta Pitx olerki-bildumengatik. Lehenak euskarazko modalitatean irabazi du garaikurra eta bigarrenak gaztelaniazkoan. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako lehiaketaren edizio honetan 453 lan aurkeztu dira, horietatik 438 gaztelaniaz eta 15 euskaraz.
Esparzak eta Fabrok 3.000 euroko saria eta beren lanekin argitaratutako liburua jaso dituzte Iruñeko Kondestablearen jauregiko patioan egin duten sari banaketa ekitaldian.
Iban Garro Alzuri lehiaketaren aurreko edizioko irabazleak, Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editoreak, Ines Castiella Imaz Nafar Ateneoko idazkari eta Euskarako batzordekideak eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidenteak osatu dute epaimahaia euskarazko modalitatean. Hala, Esparzaren lanak osotasunean duen kohesioa nabarmendu dute epaimahaikideek, “hitz-joko eta irudiei esker, aurrera egin ahala sakontasuna hartzen baitu, fonetika landuz, eta, azken finean, bertsoak irakurtzen dituena harrapatuz. Estilo propio eta originala erakusten du lanak”.
Nadia Faboren Pitx lanari dagokionez, epaimahaiak espresioaren originaltasuna, arriskuaren zentzua eta lagunarteko hizkeraren eta hizkera lirikoaren arteko uztartze doitu eta eraginkorra aintzatetsi ditu. Era berean, nabarmendu du itxurazko soiltasunaren azpian esanahi askotariko geruzak aurkitzen direla, berrirakurtzera bultzatzen dutenak. “Lanak askotariko gaiak ukitzen ditu, trebetasun nabarmenez lotuak”.