(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak jantziko diote txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urte luzeetan taldeari eskainitakoa saritu nahi izan du.

Aurten, lehen aldiz, bi izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren irabazleari txapela jantziko diotenak: Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita. Halaxe erabaki du Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzaileak. Biak dira urte luzez talde horren parte eta, aurten, eurak omentzea erabaki dute beste kideek. Elkartetik urte guzti hauetan egindako ekarpena azpimarratu nahi izan da. Izan ere, nabarmentzekoa da bertsolaritza nola ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan. Eta hori hain ondo ulertuta, taldeari egin dioten ekarpena ere azpimarratu nahi izan dute: Elkarteko zuzendaritzari eta, bereziki, Txapelketako Talde Antolatzaileari.

Biek batera txapela jaztearekin taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu nahi izan du Elkarteak.

Taldekoa bai, baina Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bien ibilbide pertsonala ere goraipatu nahi izan du, euren inguruan zein Bizkaia osora begira egin duten lana.

Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra da. Eskualdean egindako eragiletza beharraz gain, Bizkaia mailan, 2000 urtean hasi zen Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean beharrean eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ere urteetan ibili izan da.

Bertsolari moduan egin zen ezagun Moises Enbeita Ealo muxikarra, baina plazatik atzeko beharrera pasa zen gero. 2000 urtean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile-lanean hasi zen. Harrezkero, Zuzendaritza Batzordean eta Talde Antolatzailean aritu izan da.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 18an izango da Bilbon. Hantxe ikusiko ditugu biak, borondatezkoen petoak alde batean utzi eta txapeldunari txapela janzten.

Zabaldu: