Josu Okiñena konpositoreak euskal ondare musikala berreskuratzeko proietua abiatu du

OE Oficinak euskal musikaren erreskatean lanean dihardu prozesu osoan: eskuizkribuak ikertu eta berreskuratu, obrak argitaratu, soinu-erregistroak grabatu eta kontzertu-zikloak antolatu, beti euskal ondarea munduan zabaltzeko.

OE Oficinak urteetan ahaztutako euskal musika-ondarea berreskuratzeko helburuarekin ari da lanean, azken urtean argitaratutako argitalpen- eta disko-lan ugarirekin. Era berean, musika garaikideko konpositore berriak bultzatzeko lanarekin ere jarraitzen du.

Okiñenaren arabera, “harro eta pozik gaude, OE Oficinaren proiektuarekin hasiera batean ezarri genituen helburuak betetzen ari garelako, hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea. Zabalkunde hori zuzeneko errezitaldien, grabazioen eta partituren edizio kritikoen bidez egiten dugu. Horrela, errepertorioa eskura dago musika munduko ezein profesionalentzat, melomanoarentzat edo euskal kultura-ondarearen ezagutzan interesa duen publikoarentzat. Garrantzitsua izan da pandemiak eskaini digun on eskasa aprobetxatzea, hau da, hausnarketarako, lanerako eta ikerketarako tarteak bilatzea, pandemiarik ezaren egunerokotasuna ezinezkoa dela aprobetxatzea. Jakina, horrek kontzertuak antolatzeko zailtasun handiagoa ekarri du, mugikortasun-arazoak izan direlako, baina emankorra izan da eskuizkribuak ikertzeko eta partiturak egiteko”. Horregatik, aurkeztutako materialaren artean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundu dituen hainbat lan daude.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez “bizirik behar du memoriak, bizitzak memoria behar duelako. Horregatik hitz egiten dugu memoria biziaz. Eta transmisioaz. Egitasmo honek, gordean eta isilean zeuden altxor musikalak kulturaren eta bizitzaren plazara ekartzen ditu. Memoria biziaren adierazpen ederra da: euskal musika gordailutik, plazara eta iraganetik egungo belarrietara ekartzen du. Ikuspegi zabal eta profesional batekin. Eskuizkributik hasi eta zuzeneko emanaldietaraino egin behar diren urrats guztiez arduratzen da: aztertzea, partiturak editatzea, entzunaldiak sustatzea, grabaketak burutzea, komunikazioa egitea”.

Hala, 2022an kaleratutako lan gehienak dagoeneko eskuragarri daude www.oeoficina.com webgunean:

2022an argitaratutako partitura berriak:

1- Pascual Aldave, Akelarre, Rapsodia Vasca n. 1
2- Pascual Aldave, Akelarre, Rapsodia Vasca n. 3
3- Pascual Aldave, Eliz Bidea, Elizarako bidea, 5. op.
4- Lorenzo Ondarra, Te Deum.
5- Lorenzo Ondarra, Laudes, biolin, txelo eta pianorako.
6- Lorenzo Ondarra, Erdi Arokoa, txelorako eta pianorako.
7- Lorenzo Ondarra, Gabon Kantak.
8- Lorenzo Ondarra, Bi Gabon Kanta (Tolosako Abesbatza Lehiaketearen edizino berezia).
9- Tomas Garbizu, Bi Euskal Pieza.
10- Hilario Olazaran De Estella, Suite Navarra biolin eta pianorako.

Aipatzekoa da obra horietako batean, Lorenzo Ondarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean, Tolosako abesbatza-masen jaialdirako nahitaezko pieza gisa hautatutako bi gabon-kanta daudela.

Era berean, Ondarraren obra sinfoniko-koral handienetako bat den Te Deum obra, eta Aldave konpositoreak korurako egin zuen Eliz Bidea obra erlijiosoa ere berreskuratu dituzte. “Gainera, oraintxe bertan Aita Donostiaren Pro Defunctis mezaren orkestra-bertsioa argitaratzear gara, inoiz argitaratu ez dena. Euskal requiem handia dugu honakoa”, aurreratu du Okiñenak.

Diskoak grabatzea musika horrekin

OE Oficinakbi CD argitaratu ditu artxiboetatik berreskuratutako musika hori bultzatu duten artista banarekin, hala nola Mikel Uskola kontratenor euskalduna –Aita Donostia Songs obrarekin- eta Lyana Gourdjia biolinista georgiarra –Xarmak-, biak Okiñenaren pianoarekin batera.

Zabaldu: