Josu Okiñena musikariak Amerikan galdu eta argitaratu gabeko obra ugari berreskuratu ditu disko aitzindari batean

Aradak izena du lan berezi honek. Musikari donostiarrak XX. mendean konposatu eta Ameriketako eta Europako artxiboetan galdutako euskal musika ondarea berreskuratu eta grabatu du. Diskoa Bilboko Guggenheim museoan aurkeztuko du larunbatean, 19:00etan.

Josu Okiñena musikari, ikerlari eta Musikeneko irakasleak (Donostia, 1971) Amerikan galdu eta argitaratu gabeko obra ugari berreskuratu eta Aradak izeneko disko aitzindaria bildu ditu. 2018an Argentina, Kuba, Txile edo Uruguai bezalako herrialdeetan eskainitako kontzertuetako ikusleek Amerikara eta Europara joandako euskal musikagileen partitura zaharren arrastoan jarri zuten musikari donostiarra. Baita euskal musikaren eragin argia izan zuten musikagileen arrastoan ere.

Hala hasi zen Okiñenari ia bost urte eman dizkion ikerketa lana. “Gure ondasunari egiten zaion beste bultzadatxo bat dugu”, adierazi du musikariak. Album berritzaile hau euskal musika klasikoa berreskuratu, balioa eman eta zabaltzeko, Okiñenak martxan jarritako 360 graduko OndarE Oficina ekimenaren barruan kokatzen da. Denatara, 25 konposizio bildu ditu, zazpi musikagilerenak: Tomas Mugica, Hector Tosar, Emiliana Zubeldia, Lizarrako (Nafarroa) Aita Olazaran, Yiyi Arricivita, Aita Madina, Nemesio Otaño eta Gabirel Erkoreka.

Bere izena, Aradak (Oihartzunak, Iparraldean esaten duten moduan), hamarkadatan ahaztutako konposizioen erreferentzia garbia dela dio musikariak. “Datozen urteetan helduko diren diskoei bidea irekiko dien lehena dugu honakoa”.

Disko berriaren aurkezpen kontzertua larunbatean eskainiko du Okiñenak, Bilboko Guggenheim Museoan, arratsaldeko 18:00etan.

Zabaldu: