Josu Penades idazleak ‘Egarria’ eleberria kaleratu du

Literatura ulertzeko modu jakin baten emaitza da eleberria. Kontaketa teknikarako destilazioa erabili du egileak hizkuntza literarioari dagokionez, eta baita kontatzeko moduari dagokionez ere.

Josu Penades (Bermeo, 1962) idazleak Egarria izenburua duen eleberria aurkeztu du gaur, Alberdania argitaletxearen eskutik. Nobela berri honek, aurreko lan guztien ezaugarri bat betetzen du: pertsonaiak ditu ardatz. Izan ere, egileari interesatzen zaion literatura giza kondizioaz ari da. “Ulertzekoa da, beraz, pertsonaietan jartzea arreta”, dio idazleak.

Bi dira eleberri honetako pertsonaia nagusiak: Galo, protagonista, eta haren aita, antagonista gisa funtzionatzen duena. Galok hiru egarri-modu pairatzen ditu. Batetik, egarri fisikoa, berez oinarrizko premia fisiologiko bati erantzuten diona, baina berarengan bestelako egarri batzuen metafora ere badena. Mendeku egarria ere jasaten du protagonistak, aitarekikoa eta aita, apustuzale amorratua, hil ziotenekikoa. Eta, hirugarrenez baina ez azkenik, maitasun-egarria du hondoraino sartua Galok, haur izan gabeko gazte baita, bakardadean hazia eta zaildua.

Penadesek azaldu duenez, “Galok bere bizitzaren laburpena egiten du eleberrian, eta, kontatzeaz bat, bere bizitzaz jabetzen doa, bizi izandakoak hitzetan jarriz mundura esnatuko balitz bezala. Identitatearen eraikuntzan ari da, nolabait, Galo, eta ulertuko du, pixkanaka, neurri batean dagoela, soilik, eraikuntza hori norberaren esku, eta inguruaren eragina erabakigarria izan daitekeela”.

Antagonistari, aitari alegia, dagokionez, jokoarekiko mendekotasuna da ezaugarri nagusia, eta, horrekin batera, mendekotasun horren ondorioak, bai norberarentzat bai ingurukoentzat.

Idazlearentzat literatura ulertzeko modu jakin baten emaitza da eleberri hau. Bere ustez, “literaturak, artea denez, bi ezaugarri betetzen ditu: batetik, espiritu kritikoa elikatzea, eta, horrekin batera, emozioak ziztatu eta arrazoimenari eraginaraztea. Literaturak egoera batean murgiltzeko gonbita egiten digu eta galderak egiteko aukera eskaintzen: giza kondizioaz, giza kondizioarenak diren ezaugarriez (maitasun egarriaz, mendeku-egarriaz…), identitatearen eraikuntzaz…”

Proposamen estetiko bat ere egin nahi izan du idazleak eleberri honen bitartez: “destilazioa izan da erabili dudan kontaketa-teknikaren ezaugarri nagusia: destilazioa egin dut hizkuntza literarioari dagokionez, eta, bestetik, baita kontatzeko moduari dagokionez ere”.

Zabaldu: