Lehen aldiz bildu da garai hartako argazki-memoria, urte horietan Goenagak egindako zuri-beltzeko ia irudi guztiekin (221).
Juan Luis Goenaga margolariak (Donostia, 1950-Madril, 2024) 1971tik 1976ra Alkizako egonaldian egindako argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratu du Bilboko Arte Ederren Museoak.
Era horretara, lehen aldiz bildu da garai hartako argazki-memoria, urte horietan Goenagak egindako zuri-beltzeko ia irudi guztiekin (221). Argazki horietako gehienak bilduma partikularretakoak dira.
Irudiak, gainera, bi saiakerarekin batera aurkeztu dira: Eguneroko harriduren bosturtekoa, Mikel Lertxundi Galiana historialariaren eskutik (erakusketaren komisarioa eta liburuaren editorea) eta Nik ez dut koadro hau margotu. Hilabete Goenagarekin Alkizan, Joseba Zulaika antropologo eta idazlearena. Argitalpen berean bildu dira gaztelaniazko, euskarazko eta ingelesezko testuak.
Lehenengoak Goenagaren gainerako lanekin eta haren ibilbidearen testuinguruarekin bat egiten duen begiradarekin aztertzen ditu argazkiak, eta bigarrenak, berriz, ezagutzera ematen du margolariarekin izandako harremana, Goenagak 1973an Donostiako San Telmo Museoan egindako lehen bakarkako erakusketan elkar ezagutu zutenez geroztik.
Bi urte geroago, 1975eko urtarrilean, Goenagak Zulaikaren lehen poema-liburua (Adanen poema amaigabea) ilustratu zuen, zortzi grabaturekin, eta, urte bereko udaberrian, elkarrekin bizi izan ziren hilabetez Alkizan. Denbora horretan, euskal kulturarekiko interes berdintsuak adierazi zituzten, ikuspegi akademikotik batek eta ikuspegi estetikotik besteak.
Liburuaren errepertorio grafikoa Antton Elizegi argazkilari gipuzkoarraren (Lasarte-Oria, 1938-Hernani, 2023) 1974ko sei irudirekin hasten da. Artistaren lehengusua zen Antton, eta hark erakutsi zizkion argazkilaritzaren printzipioak Goenagari.
Autoinposatutako isolamenduaren funtsezko urte horien metafora bisual gisa, Goenaga basoaren sakonean agertu zen, Jose Migel Barandiaranen, Pio Barojaren, H. P. Lovecraften edo Edgar Allan Poeren lanen irakurketen espirituak eta artea errealitatearen eta ukiezinaren arteko ezagutza- eta bitartekotza-modua delako usteak bultzatuta.
Gaur taldea
Lertxundiren hitzetan: “… hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako Goenaga Gaur taldeko hainbat kidek beren artea euskal herentzia sortzailean eta espiritualean sustraitzeko ahaleginaren oinordeko zuzena da; eta, orobat, izatearen jatorriaren eta erreferente kulturaletan sakontzeko ahaleginarena. Txillidak, Oteizak eta, bereziki, Zumetak eta Mendiburuk bultzatu zuten asmo partekatuei irtenbide formal propioak bilatzera”.
Horren ondoren, 73. orrialdetik 131. orrialdera museoak 2022an eskuratutako albuma erreproduzitzen da. Horietan dokumentatzen dira artistak basora eta bizi zen eta lan egiten zuen baserri-estudio ingurura egindako irteeretan gauzatutako esku-hartze iragankorrak harriekin eta makilekin, gurutzeen, ilaren eta zirkuluen bitartez. 1971. urte inguruko argazkiak dira, eta Ernio mendiko paisaiaren gorabeherak, bertako bideak, bordak, basoak eta ur-jauziak erregistratzen dituzte; osagai naturalak, hala nola belarrak, hostoak, harriak eta makilak; eta Goenagak horietako batzuetan eta bere objektu-kutxetan sartutako landako objets trouvés txikiak. Lanok eta horiek dokumentatzen dituen albumak land art izenekoaren aitzindari kokatzen dute Goenaga.
Askotan, bere pinturen eta eskulturen izaera esperimental berarekin lotuta, landa-koaderno antzeko horren irudiak erritual xamaniko bakarti baten aztarnen eta azterketa antropologiko baten aztarnen artean kokatzen dira.
Urtebetez naturan eta argazkigintzan murgilduta igaro ondoren, pinturara itzuli zen Goenaga, eta argazkigintza esperimentalagoarekin uztartu zuen hura. Horrela, 1973 eta 1975 bitartean, hainbat argazki egin zituen paper fotosentikorraren gaineko landare-elementuekin edota pintura edo marrazkiekin nahasita. Lotura estua dute pintura-lanekin, konposizio abstraktuetan antzeman daitezkeen elementuak erabiltzen baititu garai horretan: Itzal euriak, Sustraiak, Belarrak, Larruak eta Hari-matazak. Zulaikaren arabera, “Santimamiñeko edo Ekaingo kobazuloetan egon zitezkeen gaueko pinturak ziren”.
Goenagak Alkizan egindako urte horietan aurkitutako numenaren indarren eta historiaurreko arbasoen oroipen hori konstante bat izango da bere ibilbideko jardunetan eta gai artistikoetan. Berak adierazi zuen bezala, “Mentalki, ni ere Ekaingo margolaria naiz”.