Lan honekin Donostia Kultura VI. Poesia Saria irabazi du Berrizko idazle gazteak.
Julen Apellaren lehen liburua da Postal bat desertuan eta argitalpen honekin irabazi du, hain zuzen, Donostia Kultura Poesia Lehiaketako VI. sari nagusia. 1998an Berrizen jaioa, Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa ari da lanean.
Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren arabera, “ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak”.
Egilea zuzenean ikusteko aukera egongo da ekainaren 13an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Club aretoan egingo den 2023ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.
Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak DK Poesia Lehiaketa.