Larunbatean hasiko da Euskal Zine Bilera online

Edizio honetako eduki guztiak zinebilera.eus egongo dira ikusgai azaroaren 21etik 29ra bitartean. Jaialdiaren aurkezpena azaroaren 17an, asteartea, 11:00etan egingo da online.

Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Euskal Zine Bilera hasteko. 43. edizio honetan, online izaera hartuko du jaialdiak, pantaila guztietara helduz eta publiko zabalago batera hurbiltzeko. “Inoiz baino errazagoa izango da Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko jaialdiaz gozatzea”, adierazi du antolakuntzak.

“Egun bizi dugun ezohiko egoera honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten du”. Errealitate berri hau erronkatzat hartuta, bide berriak irekitzeko aukera mahai gaineratu da, jaialdiaren espazioak jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahal izango den jaialdia proposatuz. Eboluzio hau 2016an sortutako plan estrategiko berritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko ekimena, oinarriak ahaztu gabe eboluzio logiko bat biltzen duena.

“Pantailak nonahi daude, etxean, lanean, kalean eta baita gure poltsikoan ere. Ikus-entzunezkoak eskura izan nahi ditugu eta horren jakitun Euskal Zine Bilerak zinematik pantaila guztietara egingo du salto”, diote antolatzaileek. Norabide berri honetan, Euskal Zine Bilera hiru ataletan bananduko da: “Euskarazko zinema Sortuz, Euskararen zinema Partekatuz eta Euskal Zinemagintzarekin Saretuz”.

Hala, Sortu atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango da. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango da. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko du, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen working progress batekin. Zoom atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkarlanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da.

Partekatu atalean, berriz, zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azalduko dira. Alde batetik, aldez aurretik aukeratuak izan diren 19 lan izango dira lehiaketa osatuko dutenak. Film hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus webgunean dago eskuragarri. Aitor Oñederrak, Erika Olaizolak eta Mikel Ruedak aukeratuko dituzte irabazleak. Bestalde, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada ere izango da.

Bukatzeko Saretu atalean, euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko dira harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinatuko da, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango da, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Zabaldu: