KaldeArte jaialdiak 33 konpainiaren 63 ikuskizun aurkeztuko ditu Gasteizen

Erakustaldia ekainaren 11, 12 eta 13an helduko da Gasteizera.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, 33 konpainiak 63 ikuskizun eskainiko dituzte hamabosgarren edizio honetan. Gehienak Euskal Herriko eta espainiar Estatuko konpainiak izango dira, beste herrialde batzuetako konpainien kopurua murriztu baita, segurtasun arrazoiengatik. “Kasu askotan, hainbat ikuskizun ordutegi berean egingo dira, hartara, ikusle andana ez ibiltzeko eszenatoki batetik bestera”, azaldu du antolakuntzak.

Hala, 2021. urte honetan, jaialdiak bere esentziari eutsiko dion arren, erdigune-erdigunekoak eta ikusle ugari bildu ohi dituzten esparruak alde batera utzi, eta beste ingurune batzuetara aldatuko da, “erdialdekoak izanik ere ez dira Gasteizko erdigunean ekitaldi handiak hartzen dituzten ohiko esparruak”. Horrek guztiak helburu du esparru segurua eskaintzea eta une oro jende pilaketak saihestea. Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira; gehieneko ikusle kopurua zehaztuta izango dute, denak eserita; segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Orain arte, erdialdeko oinezkoentzako espazioetan izan ohi dira ikuskizunak: Andre Maria Zuriaren plazan, Foru plazan eta Arka plazan. Aurten, berriz, Iparraldeko parkea, Santa Maria plaza, Errenazimendu plaza, Artium museoaren barruko plaza, Zuluetako eta Falerinako lorategiak edo Florida eta Judimendi parkeak, besteak beste, izango dira agertoki berriak

Ordutegiei dagokienez, gaur egungo araudia kontuan hartuta, emanaldiak goizeko, arratsaldeko eta iluntzeko ordutegietan banatuko dira.

Antolatzaileen arabera, aurtengoa oso edizio berezia izango da, zalantzarik gabe. “Sormenaren eta kulturaren sektorea izan zen iaz COVID-19aren pandemiak gogorren jo zuen sektoreetako bat”. Aurtengo edizioak, iazko udan egin zen kultur programaren antzera, helburu nagusietakoa du kulturaren sektoreari, oro har, eta kaleko arteen sektoreari, bereziki, laguntzea.

Zabaldu: