Kalealdia irailaren 22tik 27ra egingo dute Bilbon

Kukai Dantza, Markeliñe, Organik Dantza, Hika Teatroa, Deabru Beltzak, La Glo Zirko Dantza eta Erre Produkzioak dira aurtengo edizioan parte hartuko duten euskal konpainietako batzuk.

Datorren irailaren 22tik 27ra egingo da Bilboko Kalealdia hiriko zazpi espaziotan: Casilda Iturrizar parkea, Areatzako kaia, Areatza, Arriaga antzokiko ingurua, Bizkaia Aretoa eta Plaza Barria. Emanaldiok hainbat diziplinatakoak izango dira: kale-antzerkia, zirkoa, dantza, dantza bertikala, clown, musika eta instalazio eszenikoak. Horrela, “egun horietan Bilbo biziz eta kulturaz beteriko hiri bat” bihurtuko dela adierazi dute antolatzaileek.

Jaialdiaren edizio berri honetara gonbidatutako konpainia guztietatik 13 Euskal Herrikoak dira. Horiez gain, nazioarteko beste 13 konpainia ere izango dira Bilbon. Guztira, 73 emanaldi eta 27 ikuskizun eskainiko dituzte.

Casilda Iturrizar parkean abiatuko da jaialdia hilaren 22an Mystérieuses Coiffures konpainiarekin, Boni eta Juan Palomorekin, eta Barsanti Cia taldearekin, 17:00etan. Parkea eta Arriaga Antzokiaren plaza jaialdiko lehen egunetako agertoki nagusiak izango dira. Programazio osoa bi espazio horietan egingo da ostiralera arte, hilak 25. Egun horretan, emanaldiak lekuz aldatu eta Alde Zaharrean egingo dute jauzi.

Aurten, gainera, Bizkaia Aretoa, Abandoibarran, jaialdiari amaiera emango dion muntaiaren agertokia izango da, igandean, hilak 27, 21:00etatik aurrera: La Glo Zirko Dantza Konpainiak Sacred dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko du.

Edizio honetan, programazio guztia doako sarrerarekin izango da, aurrekoetan ez bezala, ez baita karparik egongo.

Muntaietako bakar batean soilik, La Baldufa konpainia katalanaren Bye bye, Conffeti ikuskizunean, gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak Jaialdiaren Informazio Bulegoan eskuratu daitezke (gehienez, bi gonbidapen pertsona bakoitzeko), Areatzan, irailaren 26an (11:30-14:00 / 17:00-20:00).

Euskal Herriko konpainiak

Mysterieuses Coiffures, Boni eta Juan Palomo, Barsanti Cia, Arriera, El Mono Habitado, Kukai Dantza, Markeliñe, Organik Dantza, Hika Teatroa, Deabru Beltzak, La Glo Zirko Dantza, Erre Produkzioak eta Zanguango Teatro euskal konpainiek euren ikuskizunik berrienak taularatuko dituzte jaialdian, eta zenbait proposamen konpartituko dituzte: dantza, zirkua, kaleko antzerkia eta clowna, adibidez.

Haien artean Markeliñerena nabarmentzen da. Konpainia honek gauarekin jokatzen du, kontraste handiko soinu-atmosfera ikusgarriak sortuz. Keinuen bidezko interpretazioa, plataforma mugikorren erabilera, dantza, txotxongilo erraldoiak eta suaren magia dira Psike ikuskizunaren osagai nagusiak: show dinamiko, zirraragarri, komiko eta kartsua. Irailaren 24ko 21:30ean aurkeztuko dute, Arriaga Antzokiko plazan.

Kukai Dantzaren Kirol legez / Fair play emanaldia ere aipatzekoa da. Musikak protagonismo berezia dauka ikuskizun honetan, sei dantzarirekin eta DJ batekin, zuzenean (irailaren 23an, 21:30ean, Arriaga Antzokiko plazan).

Gasteizko Zanguango Teatro konpainiaren Al otro lado ikuskizunari dagokionez, honetan, zenbait pertsonaia kalera irtengo dira, teloi mugikor batekin, eta aurkitzen dituzten eguneroko bizitzako eszenen alderdi magiko eta harrigarriak erakutsiko dituzte (irailaren 27an, domeka, 17:30ean eta 19:30ean, Areatzan).

Zabaldu: