(argazkia; Zarauzko Udala)

Kalerki jaialdia egingo dute ekainaren 29tik uztailaren 2ra Zarautzen

Diziplinen oreka bilatu nahi izan dela nabarmendu dute antolatzaileek: dantza, zirkua, antzerkia, musika, txotxongiloak edota formatu bereziko ikuskizunak.

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean, Kalerki Kaleko Arteen Jaialdiaren 29. edizioa ospatuko da Zarautzen. Jaialdiak bere lekua egin du kaleko jaialdien zirkuituan; duela aste batzuk eman zion hasiera Gasteizko Kaldeartek udako kaleko jaialdien denboraldiari eta hilabete bukaeran goi mailako antzerki konpainiek eskainitako kaleko ikuskizunez gozatzeko abagunea izango da Zarautzen.

“Ibilbide luzea dauka Kalerkik, eta pandemiagatik baldintzatutako azken bi urteen ondoren, bere ohiko formatura itzuliko da jaialdia, indarturik gainera”, adierazi du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. “Publiko guztientzat pentsaturiko jaialdia izango da eta, beraz, haur, gazte zein helduek gozatzeko moduko ikuskizunak ikusteko aukera izango dugu Zarauzko gune desberdinetan”.

Hala, aurtengo Kalerki jendartera itzuliko da eta Zarauzko hiru gunetan antolatu dute: Malekoia, Villa Manuela eta Munoa. Guztira hamahiru ikuskizun izango dira hamabi konpainiaren eskutik. Euskal Herriko konpainiez gain, Katalunia, Madril edo Alacantetik ere etorriko dira.

“Aurtengo Jaialdiaren helburu nagusia pandemia ondoren indarberrituta aurkeztea izan da eta jaialdia komunikatzeko ahalegin berezi bat egin da”, azaldu du Agurtzane Aizpuru Kultura departamentuko arduradunak. “Gaua berreskuratzeko apustua egin dugu, horrek dakarren inguru espezifiko horrekin: argiak, sua…”.

Amaitzeko, aurten diziplinen oreka bilatu nahi izan dela ere nabarmendu dute antolatzaileek: dantza, zirkua, antzerkia, musika, txotxongiloak edota formatu bereziko ikuskizunak.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: