Erakusketa otsailaren 21ean, abiatuko da arratsaldeko, 19:00etan Iruñeko Planetarioan. Bertan, Joseba Sarrionandiak, Oihane Garmendiak eta Mirentxu Oteizak liburuaren inguruko solasaldian hartuko dute parte. Sarrera librea izanen da hurbildu nahi duen ororentzat.
Karrikiri elkarteak, Pamiela argitaletxearekin batera, Joseba Sarrionandiak idatzitako Munduari bira eman zion ontzia liburuko ilustrazioekin osatutako erakusketa antolatu du Iruñeko Planetarioan, otsailaren 21etik martxoaren 5era bitartean.
Bi proiektu desberdin, eta aldi berean, haien artean osagarriak direnak proposatu zaizkie ikastetxe eta euskaltegi desberdinei. Bata hizkuntz adierazpenean eta bestea adierazpen artistiko eta filosofikoan oinarritutakoak hain zuzen ere, azkeneko hau Oihane Garmendiak sortu du. Mirentxu Oteizaren laguntzarekin ondu dute proposamena. Ikasleak proiektu hauek lantzen aritu dira azkeneko asteetan. Lanketa hori eginda, beraz, iritsiko dira Planetarioko erakusketara eta bertan Pamielako Juana Sanchez arituko da ongi prestaturiko azalpenak ematen.
Karrikirik sustaturiko proposamena da eta pausu berri bat da elkartearen proiektuan. “Propio eta maitasunez lantzen hasi nahi dugun ildoa: gazteena”, nabarmendu dute.
Urte batzuk dira Karrikirin haurrentzako proposamena lantzen hasi zirela. “Egonkortua dagoela iruditzen zaigu: haurrentzat erreferentziazko denda eta proiektuak eskaintzen ditugu, gomendioak eta zerbitzuak. Baita ospakizuna ere. Ipuingarriaren hirugarren edizio arrakastatsua egin dugu joan den udazkenean eta hurrengoa prestatzen hasi gara. Beti ere, badago zer hobetu, indartu eta zabaldu. Baina oso pozik gaude emaitzarekin. Ongi joan da eta bide emankorra izanen dela iruditzen zaigu. Badugu oraindik zer eskaini”, azaldu dute elkarte honetako kideek.
Haratago ere joan nahi dutela nabarmendu dute, “gazteentzako eskaintza propioa lantzen hasi gara. Gazteei, haien familiei, haien ikastolei, institutuei eskaini nahi diegu eta esan Karrikirira jotzeko. Hemen liburuak lortu eta gomendioak jasotzeaz gain, ikaste prozesuan eta kultur sustapenean parte-hartze aktibo izateko gogotsu dagoen talde bat aurkituko du, gurean eta gureekin inplikatuak eta batez ere, guk sinisten dugun bezala, euskaraz eta euskal kulturan oinarritutako aukera zabala, anitza eta ona dagoela erakutsi nahi duena”.
Urtetako lana eta laguntza
Adierazi dutenez, “honaino iritsi gara lehenago aritu direnen lanari esker. Guregana hurbildu diren lagun, bazkide, erosle eta sustatzaileei esker. Bakoitzak bere modura lagundu du proiektua aurrera ateratzen, indartzen eta zabaltzen. Eta orain bueltan gatoz gauza gehiago eskainiz. Iruñean euskaraz bizi daitekeela amesten dugun bizitza elikatzen, gogoz eta asmoz. Proiektu honekin Karrikiri bera indartuko dugula uste dugu, eta etorkizuneko fruituak emango duen artefaktoa indartzen joango dela”.
Ez da aurtengorako espero duten salto bakarra. Online dendan ere aldaketa handia egingo dutela aurreratu dute. “Dagoeneko martxan den online denda (denda.karrikiri.eus), eta inoiz baino hobeki funtzionatzen ari dena, indartzekotan gabiltza. Horretara ere iritsiko gara, eskatzen duen arreta eskainiz”.
Proiektu hau aurrera ateratzeko jende asko inplikatu dela azpimarratu dute. Pamiela Argitaletxearekin izan duten harreman estuari esker atera da aurrera, eta baita Oihane Garmendiak eta Mirentxu Oteizak izan duten inplikazioarekin ere. “Gustura gaude, eta konbentzituta gaude hori dela bidea”.
Hilabete honetan bertan beste argitaletxe, elkarte eta erakunderekin batera antolatu dituzte ekimenak.
Bisita gidatuak
Goizetan bisita gidatuak izanen dira, Iruñerriko eskola, ikastola eta institutu desberdinetatik hurbilduko dira, guztira 350 gazte. Euskaltegietako taldeak ere bertaratuko dira.
Planetarioaren ordutegian erakusketa bisitatzeko aukera izanen da. “Aristides Esteban Hernandez Ares ilustratzaile kubatarraren irudiz osaturiko erakusketa ederra, libururako egindako ilustrazioak pasarteekin batera aurkeztuko dira, liburuan presente dauden gaiekin, bidaiatzeko aukera eskainiz”.
Erakusketa abiatzeko egunean, otsailaren 21ean, 19:00etan, Planetarioan bertan, Joseba Sarrionandiak, Oihane Garmendiak eta Mirentxu Oteizak liburuaren inguruko solasaldian hartuko dute parte. Sarrera librea izanen da hurbildu nahi duen ororentzat.