Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat artista gaztek heriotza duinaz duten ikuspegia ilustratu dute

‘Heriotza, duin eta ilustratua erakusketa’ urriaren 11ra arte egongo da ikusgai Donostiako Okendo Kultur Etxean. Bisita gidatuak, antzelanak, tailerrak eta hainbat aurkezpen eskainiko dira erakusketarekin bat eginez.

Nahiz eta heriotza guztiak ez diren berdinak, herioak izaki oro berdintzen du. Era berean, duin hiltzekoa, desio berdintzailea dela ematen du. Hala ere, desioak errealak ez direnez, bizitzak nahiz heriotzak duin bizitzeko nahiz hiltzeko moduak uste baino zailagoak direla erakusten digu errealitateak berak. Bizitzeak ez ezik, hiltzeak ere duintasuna eskatzen duela aldarrikatuz, eta hausnarketa hori ilustratzeko, honako erakusketa hau proposatzen du Donostiako Okendo Kultur Etxeak

Ilustrazioek Katalunian dute jatorria, baina, Okendo Kultur Etxearen bidez aberastu du Donostia Kulturak, bertako bost artisten lanak erantsita. Hauek, duina beharko lukeen herioa ilustratzen jarraitu dute eta, horrekin batera, gai honen bueltan sortutako gogoeta bisitarekin partekatzera etorriko dira.

Erakusketa

Heriotza duina izateko eskubidea oinarri dugun legearen eztabaidaren testuinguruan sortutakoa da erakusketa. Kataluniako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak (DMD-Cat) zenbait artista gazte gonbidatu ditu, heriotza duinaz duten ikuspegia ilustratu dezaten.

Ilustrazio sorta hautatu honen bidez urrats bat gehiago egin nahi da heriotzaren tabua desmitifikatzeko. Euren aburuz, gure kulturan sarritan hain isildua izan den hitz hau bizitza hitza bezain garrantzitsua da. “Sentimenduak adierazteko bide den aldetik, heriotzaren gaia adierazten den irudi estereotipatua aldatzen lagundu dezake arteak”. Bilduma honetako artistek altruismoz lagundu dute proiektu honetan, horietako bakoitzak heriotza duinaz duen ikuspegi erabat asketik abiatuta, eta, betiere, euskarri eta formatu berbera errespetatuz.

Erakusketa proiektu are zabalago baten zatia da, zeinaren xedea heriotzari buruz solas egiteari ateak irekitzea dena. Izan ere, oraindik orain, gaia tabu bat da gure gizartean. Heriotzaz lasaitasunez hitz egin beharko genukeela deritzote, patxadaz: “zer da, gutako bakoitzarentzat, heriotza duina, zer nahi genuke bizitzaren amaierako unean, nola gustatuko litzaiguke hiltzea, eta nola ez”.

 Euskal ilustratzaileak

 DMD-DHE Euskadi elkarteak eta Okendo Kultur Etxeak Euskal Herriko ilustratzaileei ere espazioa eman nahi izan diete. Hala gonbidapena egin zitzaien egile desberdinei, heriotza duinaren gaiaren inguruan pieza bat sortzeko, formatu erabat librean, eta berau aretoan bertan aurkezteko.

Horren emaitza da Asteko pieza jarduera, bost kidek bost aste desberdinetan beren lanak zuzenean aurkeztuko dituzte. Hitzordua astearteetan 19:00etan izango da.

Iraila 20 Agurzaiola – Iñaki Martiarena Mattin

Iraila 28 Ikuspegiaz Harago – Garbiñe Ubeda

Urria 5  Hasiera Bat, Amaieran – Izaro Mariezkurrena

Urria 19 Emaidazu Eskua. Gotzon Garaizabal

Urria 26 Izenbururik Gabe – Aitziber Alonso

Jarduera osagarriak

Hainbat jarduera osagarri antolatu dira iraila eta urrian zehar erakusketaren harira. Besteak beste, ilustratzaileen aurkezpenez gain, bi tailer, bi antzezlan, ikuskizun bat, hitzaldi bat, mahai-inguru bat eta hiru bisita gidatu izango dira.

Zabaldu: