Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituan parte hartzeko deialdia zabalik da

Egitasmoak hiru helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea; Gipuzkoako eszena kulturala dinamizatzen laguntzea klubei eta antolatzaileei babesa emanez; eta prestakuntzaren eta saiakuntzaren aldeko apustua egitea, profesionalizazio handiagoa lortzeko bide gisa.

Katapulta Tour musika eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuituan izen emateko epea zabalik da abenduaren 4ra arte.

Musika eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da Katapulta Tour, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuek bultzatzen dute, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin lankidetzan. Egitasmoak gazteei arreta berezia eskaini nahi die, eta hiru helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea; Gipuzkoako eszena kulturala dinamizatzen laguntzea klubei eta antolatzaileei babesa emanez; eta prestakuntzaren eta saiakuntzaren aldeko apustua egitea, profesionalizazio handiagoa lortzeko bide gisa.

Deialdia musikan eta arte eszenikoetan aritu nahi duten artista berri, profesional edo erdi-profesionalei zuzenduta dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, “pop, rock, folk, elektronikoa, hip-hop eta antzeko musika estiloetako proposamenak onartuko dira, eta baita formatu txikiko arte eszenikoetako proposamenak ere, esate baterako, mikro-antzerkia, bakarrizketak, performanceak eta magia”.

Hautatutako proiektuei honako hauek eskainiko zaizkie: Gipuzkoako gune desberdinetan lau emanaldi eskaintzeko aukera, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan; 400 euro emanaldi bakoitzeko; artista edo proiektua sustatzeko bideo baten grabazioa; eta Tabakaleran Kutxa Fundazioaren instalazioetan entsegu-espazioak doan eta partekatuta erabiltzea.

Edizio honetan berrikuntza gisa, deialdian izena eman duten proiektu guztiei doan parte hartzeko aukera emango zaie komunikazio eta sustapen, eszenografia, produkzio, ekonomia eta fiskalitaterako prestakuntza programan.

Proposamenak 2024ko abenduaren 4ra arte aurkeztu beharko dira hurrengo estekan: izen-emateak.

Hautatutako proposamenen izenak urtarrilaren 26a baino lehen argitaratuko dira.

Zabaldu: